Loramendiko langileek greba mugagabeari ekingo diote urriaren 20tik aurrera

Iker Rincon Moreno 2018ko urr. 12a, 20:36

Atzoko agerraldia. © ECUADOR ETXEA

Erandioko Sanitas Loramendi zahar-egoitzako langileek lan-baldintzen aldeko borroka gogortuko dute bihar zortzi. Urriaren 20tik aurrera, lanuzteetatik greba mugagabera pasatuko dira. Hala jakinarazi zuten atzo, Bilboko Guggenheim museoaren aurrean.

Sanitas Loramendiko beharginak irailaren 17an hasi ziren eguneroko lanuzteak egiten, bertako garbitzaileei lanaldiak luzatzea eskatzeko. Dena den, aurretik ere bestelako mobilizazioak egin zituzten. ELA, LAB eta UGT sindikatuen babesa daukate.

Guggenheim aurrean atzio egindako agerraldian, helduen egoitzako langileek salatu zuten hainbat enpresek "artelan itzela" egiten dutela, prekarietatea baliatuta; nabarmendu zutenez, praktika hori sektore feminizatuetan hedatuta dago, bereziki.

Hain zuzen ere, Sanitas Loramendiko langileek egunero lau orduko lanuzteak egiten dituzte, joan den irailaren 17az geroztik, garbiketako lantaldeagaz elkartasunean. Hamahiru langile daude garbiketa-taldean, sukaldea, garbitegia eta solairuetako garbiketa egiteko. 15 urte daroatzate zatikako lanaldiakaz, eta egoera horrek bizi duten prekarietatea are eta gehiago areagotzen du, euren ustean. Langile horiei lanaldi osoa eman diezaieten dabiltza borrokan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun