Udal-hauteskundeak 2019

Udala "pertsonei hurbiltzeko" asmoa du EAJk Erandion

Erredakzioa 2019ko mai. 24a, 09:08

Erandioko EAJren zerrendako kideak. © EAJ

Hauteskundeak irabaztekotan herritarrekiko komunikazioa hobetu gura du Erandioko EAJk. "Erabaki publikoak hartzeko momentuan parte-hartzea ahalbidetuko dugu", diote jeltzaleek. Enplegua sustatzea, gizarte-larrialdiei erantzutea eta pertsona nagusien behatokia sortzea dira euren programan ageri diren beste asmoetako batzuk.

Azken zortzi urteetan alkate izandako Joseba Goikouria zerrendatik kanpo dagoela, Aitziber Oliban zinegotzi ohia da EAJren zerrendaburua domekako hauteskundeetarako. Astrabuduarrak zuzendutako taldearen lehentasunen artean daude herritarren parte-hartzea erraztea, enplegu-programak eta formazioa sustatzea eta merkataritzari bultzada ematea, Gizarte larrialdietarako laguntza-eskaera denei erantzuteaz gain. Trafikoa arautzeko Mugikortasun Plana ere iragarri dute, aparkaleku bila ematen den debora murrizteko ekintzak barne.

Programako lehen puntuan, hala ere, garbiketa, mantenu-lanak eta lorezaintza aipatzen ditu EAJk. Diotenez, "ahalegin berezia" egingo dute arlo horietan. Gainera, auzoetan argiteria hobetzeko, bideak asfaltatzeko eta oinarrizko zerbitzuetara joateko garraiobideak ipintzeko asmoa dute. Segurtasunaren eremuan, berriz, "erronka berriei" aurre egin eta Udaltzaingoa eguneratzeko konpromisoa agertu du hautagaitza jeltzaleak; "herritarrekiko hurbila" izan dadin apustua egiten dute, euren esanetan.

Udaleko eragileakaz adostutako osasun- eta kirol-planak ere baditu EAJk agendan. Kirol-azpiegiturak gaurkotzea izango litzateke helburuetako bat. Bestalde, kultur eskaintza gazte eta nerabeen proposamenakaz osotu gura dute, eta horretarako eztabaida-guneak sortu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun