ARGAZKI-GALERIA

Cables y Alambres ez ixteko eskatu dute Erandion egindako manifestazio jendetsuan

Unai Brea • Hodei Torres 2019ko urr. 12a, 08:43

Cables y Alambres enpresaren geroa ziurtatzeko eskatuz ehunka eta ehunka lagun bildu ziren atzo arrastian Erandioko Altzaga auzoan egindako manifestazioan. Antolatzaileen deiari jaramon eginez, mobilizazioak iraun zuen bitartean pertsianak jaitsita egon ziren herriko ia negozio denak. Zinegotzi askok hartu zuten parte, udal-gobernua osatzen dutenek barne.

Hamabost egun baino gehiago egin dute daborduko Cables y Alambreseko beharginek lantegiko atea oztopatzen, enpresaren ugazaba den Vicinay multinazionalak barruko materiala eroan ez dezan. Atzo mobilizazio jendetsua egin zuten Altzagako kaleetan, eta herritar askorena ez ezik, dendari eta tabernarien babesa ere jaso zuten. Jaitsitako pertsianen artean ibili zen manifestazioa, eta herriko batek baino gehiagok aipatu zuen hamarkadak direla Erandion halako protesta handirik ikusi ez dela.

Manifestarien artean, Aitziber Oliban alkatea eta Udaleko zinegotzi gehienak zeuden gobernu-taldea osatzen dutenek barne. Ekitaldiaren amaieran esker ona adierazi zieten manifestazioaren antolatzaileek, baita EH Bildu, Podemos eta Ernai talde politikoei eta herriko dendari eta tabernariei ere, emandako babesagatik.

Mende bat baino gehiagoko ibilbidea

Lantegiaren historia gogoratu zuten, 1898an sortu zenetik, eta gogorarazi zuten 2002tik Espainiako Estatu osoko kable-fabrika bakarra dela. Azaldu egin zuten 90eko hamarkadan enpresaren jabetza hartu zutela langileek, aurreko ugazabari akzioak erosita, eta 2013an hasitako krisiaren ondorioz egoera okertuz joan zela. 2015a Vicinayk erosi zuen Cables y Alambres, eta ordutik, kudeaketa txarraren eta utzikeriaren ondorioz, gainbehera geldiezina izan dela salatu zuen enpresa-batzordeak.

Adierazi zutenez, 2018an gero eta ohikoago bihurtu ziren atzerapenak bai langileei bai hornitzaileei ordaintzeko garaian. Azkenik, aurten, Vicinay langileei plan bat proposatu zien, zeinaren arabera inbertsioak egingo zituen lan-karga handitzeko, eta horri erantzuteko ahalegina eskatu zien beharginei; aldi berean, lantegia dagen eremua higiezin-enpresa bati saldu zion, "biziraupenerako nahitaezinezkoa zela argudiatuta".

Testuinguru horretan etorri da azken krisia, jarduera bertan behera uztea eta lantegiaren okupazioa ekarri dituena. Zuzendaritzak dio ez duela finantzaziorik lortzen, ez bankuetatik ez inbertsio-egile pribatuetatik. Langileek hiru hilabete baino gehiago daroate kobratu barik, eta enpresak ekoizpena eten du. Haatik, bezeroak egon badaudela argudiatzen du enpresa-batzordeak. "Ezin dugu utzi Cables y Alambres egun batetik bestera desagertzen, ez bakarrik 120 familiak eta enpresa txikietako autonomo askok haren beharra dutelako, baizik eta erandioztar guztion ondarea delako".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun