Anton Fernandezek eta Josu Muruetak, 1969an polizien tiroz hildako erandioztar biek, "Euskadiren historian merezi duten lekua" emateko borondatea adierazi duen EAEko Memoria, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen Institutuko (Gogora) zuzendari Aintzane Ezenarrok, atzo arratsaldez Erandioko Udalak antolatutako omenaldian. Ekitaldi horren bidez burutu da urri osoan zehar Fernandez eta Murueta gogoratzeko egindako ekintza-sorta. Besteak beste, erakusketak, berbaldiak eta, joan den domekan, Asua ibaia garbitzeko jarduera bat antolatu ditu Udalak, aspaldiko partez zuzenean eginez hildako biei omenaldia.
Hilketa haien erantzulerik ez da egundo ezagutu; Ezenarrok, izan ere, familiek jasandako babesgabetasuna aipatu zuen. Bai hark bai Aitziber Oliban alkateak konpromisoa agertu zuten ondorengo belaunaldiei "inoiz jazo behar izan ez zuten" gertakari haien berri zabaltzeko.