Aitziber Olibanek adierazi du Agintaldi Plana politikarien eta teknikarien arteko elkarlanaren emaitza dela. Udagoienean herritarrei egindako inkestaren emaitzak kontuan hartu dituztela gaineratu du alkateak, EAJk eta PSEk euren hauteskunde-programetan jasotako egitasmoez gain.
Jorge Gonzálezen esanetan, "gardentasunarekiko eta herritarrekiko konpromisoa" da aurkeztutako planaren jatorria. Zinegotzi sozialistak azaldu duenez, dokumentuan helburuak, aurrekontuak eta epeak adierazten dira, eta edonork egin ahal izango du horren segimendua, baita oposizioko alderdiek ere.
Ildo beretik, Aitziber Olibanek esan du plana osatzeko Elkarrekin Podemosi eta EH Bilduri euren iritzia eskatu zaiela, eta alderdi morearen ekarpen batzuk kontuan izan dituztela "lehenengo fasean". Koalizio abertzaleari dagokionez, eta bertako iturriek argitu dutenez, ez dute horretan partu hartu, Gobernu-taldeak oposizioaren proposamenak aintzat hartzeko benetako asmorik ez duelakoan.
Hiru arlo nagusi
Erandioko Agintaldi Planak hamar helburu ezarri eta 60 ekintza inguru aurreikusten ditu, "horietako asko berriak", Jorge Gonzálezek azpimarratu duenez. Horien bitartez gizarte-berpiztea, enplegu-sorrera eta aukera-berdintasuna sustatuko duen sistema bermatu gura dituela esan du Udal Gobernuak, besteak beste. Jarduerak hiru multzo nagusitan bereizi dituzte: herritarrak, lurralde-garapena eta antolakuntza.
Lehenbizikoari dagokionez, hiru ardatz izango ditu: herritarren ongizatea, herritarrak aktiboak izan daitezela sustatzea, eta erandioztar nortasuna indartzea. Horiek garatzeko, besteak beste, herriko elkarteak inplikatzen saiatuko dira, enplegua bultzatzeko ekintzak jorratuko dituzte, kirol- eta osasun-plan integrala diseinatuko dute, segurtasuna handituko dute, eta gizarte-babesa modu egokian kudeatzeko sistema abiaraziko dute, iragarri dutenez. Horrez gain, bideak eta pasealekuak egokitzeko, bertoko euskara sustatzeko eta memoria historikoa berreskuratzeko asmoa ere azaldu dute udal-ordezkariek.
Ingurumena, mugikortasuna eta kohesioa
Bost ardatz ditu lurralde-garapenari dagokion ekintza-multzoak. Ingurumenari dagokionez, intereseko guneak berreskuratzeko plana egiteko asmoa agertu dute besteak beste. Mugikortasunaren arloan, berriz, gogorazi dute daborduko martxan dagoela arazoak eta beharrak identifikatzeko azterketa. Landa-eremuetan asfaltatze-lanak egitea eta garraio publikoa hobetzea jasota ditu planak.
Gainera, auzo denei arreta ematea eta herritarrakaz harreman hurbilekoa eta eten bakoa izatea aurreikusten dute. HAPOa agintaldi honen barruan guztiz burutzeko asmoa ere azaldu du Aitziber Oliban alkateak, erronka nagusien artean. Bestalde, Agintaldi Planak Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Helburuakaz bat egingo duela azaldu dute.
Parte-hartzea hobetu
Administrazioaren antolaketa da Agintaldi Planaren hirugarren arloa. Ildo horretan, "barne-eta kanpo-ebaluazioaren kultura" ezartzea funtsezko osagaia izango dela aipatu dute. "Administrazioa eraginkorragoa eta hurbilagoa izatea da helburua", gehitu dute; horretarako, besteak beste, Administrazio Elektronikoa eta Administrazio Digitala garatu gura dituzte.
Udalak herritarrekiko duen komunikazioa errazteko plan bat ere iragarri dute; helburu hori lortzeko, herritarren parte-hartzearen ezaugarri orokorrak definitu beharra dago jasota planean.