"Hasieran esaten ziguten maskarak ez zirela beharrezkoak, eta denok genekien arrazoia material-falta zela"
Zein da zuen egoera oraintxe?
Nondik hasi? Gaur behintzat esan dezakegu, alarma-egoeran ia zazpi aste daramatzagun honetan, gure egoitzan langileok maskara badugula azkenik. Ez naiz ausartzen beste egoitzetan nola dabiltzan esatera. Egoera gogorra izan da, hasieran esaten baitziguten maskarak ez zirela beharrezkoak, eta denok genekien arrazoia material-falta zela; hartara, babeserako baliabideak ukatzen zizkiguten, ez zegoelako. Pandemiaren hasieran, egoitza askotan, babesik gabe egin dugu lan, eta maskarak eskatzeko garaian ia egunero izaten genuen eztabaida gogorra.
Eta orain badituzue?
Bai. Oso gogorra izan da, adituek esaten baitzuten birusak adinekoei erasaten ziela batez ere, eta guk haiengatik eta gugatik genuen kezka. Ez da gure kasua, baina badakigu inguruko egoitza batzuetan oihalezko maskarekin ibili direla, garbitzen eta berrerabiltzen.
Zuek orain zer motatakoak dituzue?
Kirurgikoak. Egunero bat erabiltzen dugu, baina zalantza dugu egun osoan erabilita eraginkorrak ote diren.
"Epidemia honetan behin ere ez digute ezer galdetu egoitzetako langileoi, ezta prestakuntzarik eman ere... Desinformazioa egon da"
Zergatik?
Maskara batzuk lau orduz erabiltzeko direlako. Bizkaiko Aldundiak esan zuen herritar denentzat banatuko zituela maskarak metroz joateko eta abar, eta eraginkortasuna lau ordukoa zela esaten zuten. Gaineratu beharra dago epidemia honetan behin ere ez digutela ezer galdetu egoitzetako langileoi, ezta prestakuntzarik eman ere... Desinformazioa egon da. Egunero joan gara lanera zer gertatuko zen jakin gabe, enpresek egunez egun esaten ziguten nola zihoan kontua. Ez gaituzte kontuan hartzen, ez langileak ez haien ordezkariak.
Zer eskari edo aldarrikapen egiten duzue orain?
Epidemia agerian uzten ari da zer egoeratan gauden bai langileak bai egoiliarrak. Irabazi asmoa duen negozioa da, eta irabazia dator gehiago egin ezin dezakegun langileok esplotatzetik, eta ezin dezakegu gehiago egin lehertuta gaudelako. Irabazia dator, era berean, egoiliarrei oso arreta txikia ematetik, askoz handiagoa jaso beharko lukete. COVIDak eragin du arreta-premia hori are handiagoa izatea, babesak handiagoa izan behar duelako, eta gu ez gara ailegatzen. Langile gehiago behar da egoitzetan, askoz gehiago. Leku batzuetan lantaldea indartu da premia gorria zegoelako, ospitale batean egon behar luketen adineko pertsonak daudelako. Hori azpimarratu beharra dago: adineko asko kutsatuta daude eta ospitaleetan egon behar lukete, ez egoitzetan.
"Egoitzetako langileok ez dugu bitarteko nahikorik, ezta esku nahikorik ere, gaixorik dauden adineko pertsonak artatzeko"
Zergatik ez dituzte ospitaleetara eroaten, orduan?
Ez dakit. Beharbada, erabaki behar duenak erabaki duelako egoitzetan behar duten arreta eman dakiekeela, baina egoitzetako langileok ez dugu bitarteko nahikorik, ezta esku nahikorik ere, gaixorik dauden adineko pertsonak artatzeko.
Zelakoa da zuen eguneroko jarduna orain?
Estres handikoa. Lanera heldu eta egin beharreko lehenengo gauza kontrol bat gainditzea da, ea tenperatura egokia dugun; 37koa edo handiagoa izanez gero, etxera bidaltzen zaituzte. Esan beharra daukat gure egoitzako langile bi daudela etxean positibo emateagatik, baina egoiliarrik ez dagoela kutsatuta. Kontrola pasatutakoan, maskara hartu eta nor bere solairura joaten da. Lan handia dago, oso denbora zehatzean egin beharrekoa, estresagarria da, eta gainera orain beldur handiz gabiltza, kutsatzeko beldurrez, birusa etxera eroateko beldurrez...
Egoiliarrak artatzeko dagoen denbora zehatz hori aldatu egin da koronabirusa dela eta?
Apur bat. Azkenaldian, zortzi aste igaro ostean, egoitzak konturatu dira lantaldeak indartu ezean langilerik gabe geratuko direla, lehertuta gaudelako, hautsita, ezin dugu lan gehiago egin. Lan-erritmoaren arazoa koronabirusaren aurretik dator, kontua da COVIDak larriagotu egin duela, orain kontu handiagoz ibili beharra baitago, higiene handiagoa behar da, egoiliar bakoitza artatu ostean eskuak garbitu...
"Denbora luzea daramagu borrokan adineko pertsonekin, gizarte-zerbitzuekin... negoziorik egin ez dadin"
Zerbait gaineratu gura duzu?
Loramendiko langileok esan nahi dugu orain asko hitz egiten ari dela egoitzak publiko bihurtzeaz, eta guk, eta zehazki LABen, denbora luzea daramagula borrokan adineko pertsonekin, gizarte-zerbitzuekin... negoziorik egin ez dadin. Etorri zaigun arazo honek inoiz baino argiago utzi behar luke hori. Pertsonak artatzeko baliabideak eta langileak behar dira, eta ez da onargarria enpresa batzuek negozioa egitea diru publikoaren kontura. Gizarte-zerbitzu guztiek, adinekoen egoitza guztiek, izan behar dute publikoak. Ez da zilegi egoiliarren bizitzekin jolasean aritzea, ezta langileenekin ere, ez da zilegi mila euroren truke bizitza arriskuan jartzea, aurrekoan Araban hil den laguntzaile horrek bezala. Mila euro lehen lerroan egotearen truke.
Eztabaida hori orain kalean dagoela diozu...
Bai, baina argi esan behar dugu ezin direla dekretu bidez egoitzak publiko egin, egun batetik bestera eta egoera larrian gaudelako, eta hau igarota berriro pribatizatu eta gutaz ahaztu.