Idoia Mendiaren aurkako pintadak egin dituzte Astrabuduako PSE-EEren Herriko Etxean

Unai Brea 2020ko eka. 1a, 11:46
© PSE-EE

Patxi Ruiz presoaren egoera salatzen duten eta Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusiari "hiltzaile" deitzen dioten pintadak egin dituzte bart Astrabuduako Herriko Etxean. Alderdi sozialistak gogor gaitzetsi du jazotakoa: "Alderdien egoitzen aurkako intoleranteen kanpainek ez zuten ezer lortu iraganean, eta orain ere ez dute lortuko".    

Mikel Torres Bizkaiko PSE-EEren idazkari nagusiak gogorarazi du herrialdean hamar Herriko Etxetan egin direla pintaketak daborduko (Uribe Kostan hirugarrena da hau, aurretik Algorta eta Sopelan ere egin baitzituzten), eta horri gehitu behar zaiola Idoia Mendiaren etxeko atarian egindako erasoa. Bai horiek, bai EAJren Batzoki ugaritan egindakoak, Patxi Ruiz preso iruindarrak maiatzaren 11n hasitako gose-grebaren harira etorri dira.

Torresen esanetan, "alderdi bateko buruari (lehendakarigaia dena, gainera) egindako zuzeneko erasoak are larriago bihurtzen du berez oso larria den gertakaria". Bizkaiko sozialisten buruak gaineratu du pintadek ez dutela bere alderdiaren borondatea bortxatuko, ezta euskal gizartearen gehiengoak bizikidetzaren alde egindako apustua ere". 

"Eraso horiek dakarten jazarpenezko indarkeriari emango diogun erantzuna lehengo bera izango da beti: euskal gizartearen pluraltasuna eta herritar guztiek askatasunez eta demokratikoki beren pentsaera adierazteko eskubidea sutsuki defendatzea", esan du Mikel Torresek. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun