Merkatariei eta enpresa txikiei laguntzeko bonu-kanpaina abiarazi du berriro Udalak

Erredakzioa 2020ko ira. 3a, 10:23

© ERANDIOKO UDALA

Erandioko Udalak 176.000 euro emango ditu kontsumorako bonu bidez COVID-19 pandemiak kaltetu dituen bertako negozioei laguntzeko. Maiatzean martxan ipini zen kanpaina berdintsurako 200.000 euro bideratu zituzten udal-agintariek; hala ere, erdia baino gehiago ez zen erabili. Baliatu barik geratu zen diru-kopurua, gutxi gorabehera, beste bonu-kanpaina baterako bideratuko da orain: 126.000 euro. Horrez gain, beste 50.000 aurreikusi dituzte udal-aldizkariaren bitartez egingo den kanpaina berri baterako.  

Kanpaina nagusirako, negozioek eurek aukeratuko dute zein zenbateko bonuak gura dituzten (10, 20 edo 50 euro) eta dirua hasieran emango die Udalak. Udalak azaldu duenez, oraingo honetan alarma-egoerak iraun zuen bitartean itxita zein zabalik egon ziren enpresei zuzenduko zaie laguntza. Irailaren 11ra arte egongo da zabalik izena emateko epea.

Beste kanpaina, berriz, udal-aldizkarian agertuko diren bonuen bidez gauzatuko da. Zehazki, argitalpen horretan bost euroko bonu bat egongo da, hogei eurotik beherako erosketak egiteko erabili ahal izango dena. Aldizkarian bertan adieraziko da zein saltokik egin duten kanpaina horregaz bat. Kasu horretan ordainketa ez da aldez aurretik egingo, baina merkatariek astez aste kobratu ahal izango dute bonuei dagokien dirua, Herritarren Arretarako Bulegoan. Esan bezala, 50.000 euro bideratuko dituzte kanpaina horretarako.

Udaberriko bonu-kanpinaren gainean onuradunentzako asebetetze-inkesta egin duela adierazi du Udalak, "eta halako ekimen batean berriro parte hartuko luketela adierazi dute denek". Lortutako kalifikazioa, batez beste, bederatzi ingurukoa da, azaldu dutenez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun