Astika Herria eraisteko lanei baimena eman dietela salatu dute auzotarrek

Erredakzioa 2021ko urt. 8a, 09:58
Astika Herria Asuako industria-gunea, Carrefour supermerkatua eta N-637 errepidearen artean kokatuta dago

Auzo okupatuko biztanleek ohartarazi dutenez, Erandioko Udalak eraisten hasteko baimena eman dio Labartain S.L. enpresari. Hori salatzeko, manifestazioa egingo dute urtarrilaren 11n, Erandioko udaletxetik abiatuta.

Iazko uztailean ere protesta-elkarretaratzea egin zuten Udalaren erabaki horren kontra, baita bizi-proiektu hori defendatzeko ere. Orain, Udalak baimena eman dio Labartain S.L. enpresari Asuako industria-gunean, Carrefour supermerkatua eta N-637 errepidearen artean, kokatuta dagoen auzoaren eraisketa-lanakaz hasteko.

Beste aldetik, Astika Herritik baieztatu dutenez, auzoan jendea bizi dela adierazteko behar diren agiri guztiak aurkeztu dituzte, baina Udalak eta Bilboko epaitegiek hori ukatzen jarraitzen dutela diote. Aitzitik, auzotarrek adierazi dute Udalak gutun baten bidez jakinarazi diela lanakaz hasteko baimena emanda dagoela, eta "ez duela etxebizitza eskubidea bortxaezina urratzen".

Auzotarrek azpimarratu dutenez, Labartain S.L. enpresak denbora darama auzoko lurrak erosten. "Beraien interes espekulatzaileengatik gure bizitza-proiektua garatzen dugun tokia suntsitu gura dute, makro-egitura bat eraikitzeko, eta horretarako Udalaren laguntza dute", salatu dute. Gaineratu dutenez, Udalak 2010etik darama lurraren kalifikazioa aldatzen, landa izaeratik industria-eraikuntzarako lurra izateko.  

Hori dela eta, urtarrilaren 11an, 18:00etan, Erandioko udaletxean elkarretaratzea egiteko deialdia egin dute.

Herriaren historia

Beste kontu gatazkatsua inguruan dagoen historia da. Izan ere, Astika Herriatik diotenez, bertako baserriak "gure herriaren historia bizia dira", eta horren inguruko lehen albisteak XVI. mendekoak dira: "Hondatuta aurkitu genituen eraikinak dira eta urte hauetan berreraiki eta zaindu ditugu".

"Eraiste honek argi uzten digu EAJri ardura zaion memoria bakarra museoetan dagoena dela. Beste hitzetan, kapitalismoaren merkatuan saldu daitekeena. Gainontzekoa lurperatu eta ezabatu egiten dute", salatu dute kolektibokoek.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun