Elkarrizketak

"Gaur harro esan dezakegu: euskarazko antzerkiak ez dio inolako lotsarik gaztelaniazkoari"

Ander Zarraga 2021ko mar. 16a, 16:39

Patxo Telleria eta Mikel Martinez "Ez dok ero" antzezlanean. © TARTEAN KONPAINIA

Patxo Telleriak eta Mikel Martinezek osatzen dute Ez Dok Hiru Bikoteatroa. Euskara hutsean, formatu txikian eta umorea baliatuz, beraien estilo propioa bereganatu duen antzerki-bilduma sortu dute. Euren azken obran –Ez dok ero antzelana–, On Kixote eta Santxo Panza bikotearen analogia egiten dute Mikelotek eta Pantxok, Euskal Herriko kulturaren ikurretatik abentura ero eta fantastikoa eginez.

Ez dok ero antzezlana Erandion izango da martxoaren 27an, zapatuan, Josu Murueta kultur etxean. Horri buruz gehiago jakiteko, eta umorearen gakoak ezagutzeko, Patxo Telleria aktore, zinema-zuzendari eta antzerkigile bilbotarragaz egon gara.

Azaroan aurkezpena egin zenutenetik nolakoa izan da Ez dok ero-ren ibilbidea ?

Oso pozik gaude arrazoi bigatik: alde batetik, publikoa oso ondo ari delako erantzuten emanaldi guztietan, eta, bestetik, antzezpen asko egiten ari garelako. Bata besteari lotuta doazela uste dut, programatzaileak ere horretaz konturatzen direlako, eta eskaintza gehiago ere egiten dizkigutelako. Aldez aurretik genituen ideiak eta asmoak bete ditugu, beraz, hemendik ateratzen dena gehigarria izango da.

Beldurra izan zenuten pandemiak eragin zitzakeen ustekabeengatik?

Pandemia bete-betean geunden muntaiarekin hasi ginenean; egoera horretarako prestatuta geunden. Aurreko antzezlanarekin gertatu zitzaigun ere, lehengo egoera normalean hasi ginela, eta, halako batean, hau suertatu zela; horrek ustekabean harrapatu gintuen. Honekin, aldiz, bagenekien zer zetorren, eta Ez dok hiru-ren formatu txikiagoko ikuskizuna baldintzetara ondo egokituko zela pentsatu genuen.

Momentu batean bururatu zitzaigun pandemiaren errealitatea islatzea, Ez dok hiru-ren ikuskizunetan oso erreferentzialak gara, gizarteaz hitz egiten dugu, guri buruz ere hitz egiten dugun moduan; izan ere, antzezlanetan izen propioak ere erabiltzen ditugu: Mikel eta Patxo gara oholtza gainean. Baina, azkenean, ezetz erabaki genuen, alde batetik, jendeak nahikoa duelako eguneroko matrakarekin, hobe zelako beste unibertso batean murgildu eta apur bat desintoxikatzeko aukera ematea; eta bestetik, oso gauza puntualen inguruan hitz egiten duzunean, ikuskizunak berehala galtzen duelako gaurkotasuna.

Zein da Ez dok ero antzezlanaren abiapuntua?

Eromena da ardatza. Horregatik hartu ditugu gaztelaniaren unibertsoko arketipo ezagunenetarikoak: On Kixote eta Santxo Panza, zuhurtzia eta eromena islatzen dutenak. Guk gure ibilbideaz hitz edo barre egiten dugu, autofikzio apur bat duena, baina dena ez da egia, noski. Planteatzen dugu Mikelek burua galdu duela, errealitatea eta fikzioa nahasten dituela. Orduan, nik, Pantxok, publikoari kontatzen diot hasieran gure estiloak arrakasta zuela, gure hitz-joko merkeekin eta txiste tontoekin jendeak barre egiten zuela. Baina beti estilo berdina jarraituz, txiklea horren beste estiratu eta gero, publikoak gurekin haserre eta aspertuta bukatu zuela. Erretiratzeko ordua zela konturatzen naiz, azken emanaldietan publikoaren oihuak eta entzuten nituelako. Aldiz, Mikelek txaloak entzuten zituen, zoratuta zegoen, eta etxean giltzapetu zen antzerkiz inguratuta. Handik ateratzean, guztiz aldatuta dago errebelazio bat izan duelako: gure aspaldiko pertsonaia bat azaldu zaio, esanez asko pozten dela gu desagertu garelako, kristoren kaltea egin diogulako teatroari. Orduan, Mikelek erabakitzen du antzerki serio eta konprometitua egin behar dugula. Nik ezetz esaten diot, baina berak alde egiten du, eta ni bere atzetik noa. Horrela hasten da bidaia.

Horretan, euskal kulturaren agerraldi totemikoekin aurkitzen gara, Durangoko Azoka, Donostiako Danborrada edo Zuberoako pastoralak, adibidez. Toki horietan guztietan, Mikelek dena nahasten duenez, denetan 'traskilatuta' ateratzen gara. Azkenean, nobelan bezala, Mikel errealitatera bueltatzea lortzen dut.

Esan daiteke euskal kulturaren parodia moduko bat egiten duzuela?

Ikuspuntu ironikoa esango nuke. Zuberoako mitifikazioa edo Donostiako Danborradaren ikono horiekin barre apur bat egiten dugu.

"Uste dut umoreak izan ditzakeela muga batzuk; ahularekin krudela den umoreari bai jarriko nizkioke mugak, emakume ahularen edo etorkinen kontura txisteak egiteak ez dauka graziarik"

Ez daukazue inor iraintzeko beldurrik?

Uste dut umoreak izan ditzakeela muga batzuk; ahularekin krudela den umoreari bai jarriko nizkioke mugak, emakume ahularen edo etorkinen kontura txisteak egiteak ez dauka graziarik. Guk hizpidetzat hartzen ditugun ikur horiengatik norbait haserretzen bada arazoa berak dauka. Esate baterako, Danborradarekin barre asko egiten dugu, gu Bilbokoak izanda. Donostian bertan ez dugu antzeztu oraindik, baina zenbat eta hara gehiago hurbildu, publikoak orduan eta barre gehiago egiten du.

Hasieran bai izan genuen kezka hori, Ez dok hiru formatuan hasi genuenean, lehen ikuskizuna Euskara sencilloaren manifiestoa egin genuenean. Bertan, esaten genuen "potrotaraino geundela euskara putarekin", bizitza osoa generamalako ikasten, eta ez genuelako titulua lortu. Apustu gogorra egin genuen, eta hasieran kezkatxo bat geneukan, ez ote zuen inork hitzez hitz hartuko. Baina egin genituen 140 emanaldietan ez zitzaigun ezer gertatu.

Ez dok hiru sagan, non kokatzen da antzezlan hau?

Azkena da. Esan nahi dudana da bidean sortuz eta garatuz joan den proiektu-estiloa dela. Nik hirugarrena idatzi nuenean amaitutzat eman nuen: agortuta zegoela uste genuen. Ematen du umorea idaztea erraza dela, guztiz kontrakoa da. Niri Ez dok hiru bezalako antzerki bat idazteak, beste mota bateko antzezlan bat idazteak baino askoz ere lan gehiago ematen dit, arrazoi askorengatik: alde batetik, nahiko barrokoak direlako, bai egituraz eta baita hizkuntzaren aldetik ere; bestetik, umorea egitea erraza dela uste dutelako batzuek, baina guztiz kontrakoa da, lan gehiago ematen du. Telebistan lan pilo bat ere egin dut, batzuetan komediak idazten, baina, adibidez, Goenkale-n egon nintzen sasoian produkzio osoaren faserik errazena idaztea, elkarrizketatzea, zen. Komedia batean hori ez da hain erraza, eta, eszena bat idaztean hainbat barre egon behar badira, zuk pentsatu behar duzu nondik aterako dituzun. Drama batean edo obra serio batean, aldiz, ez da hori gertatzen; komedia batean ezin duzu publikoa engainatu, irri egiten ez badu, ez da komedia bat. Gainera, Ez dok hiru, komedia izateaz gain, istorio batzuk ere agertzen dira, dozena bat egoera ezberdin aurkitzen dira; bakoitzarekin hasi eta bukatzea ez da batere erraza. Ez dakit horrekin jarraituko dugun; izan ere, guk exijentzia bakarra jartzen diogu gure buruari: nahiz eta estiloari fidel izan, gauza oso ezberdin bat aurkeztu behar dugu, baina hori lortzea zaila da pertsonai berdinekin eta aparatu txiki batekin. Horrekin jendea harritzea oso zaila da.

Nolakoa da euskal antzerkiak momentu honetan bizi duen egoera?

Beti erantzuten dut gu beharbada ez garela aproposenak horri buruz epai edo iritzi objektibo bat emateko, barruan gaudelako. Basoa nolakoa den ikusteko basotik kanpo egon behar duzu, basoaren barrutik arbolak bakarrik ikusiko dituzulako. Esango nuke euskal antzerkian eman ditudan 30 urteetan horrek nabarmen gora egin duela, batez ere azken hamarkadan; orain arte ez zeukan gauza bat lortu du: prestigioa. Lehen oso talde gutxi zeuden euskara hutsean egiten zutenak. Gehienetan, konpainiek bertsio bikoitzak egiten zituzten, euskaraz zein gaztelaniaz, jakinda azken horri zuku gehiago aterako ziotela. Euskarazko produkzioak ahulak ziren, gutxiago landuak, aktoreak gutxiago saiatuak eta, ondorioz, ikusle bat, nahiz eta euskalduna izan, aukera zuenean hizkuntza batean edo bestean ikusteko, nahigabean gaztelaniazko bertsiora jotzen zuen. Azken finean, jatorrizkoa eta landuago zegoena ikustera mugatzen zen. Hori pixkanaka aldatzen joan da, eta harro esan dezakegu euskarazko antzerkigintzak ez diola inolako lotsarik gaztelaniazkoari, kontrakoa esango nuke: aukera gehiago dago euskara hutsean teatroa egiteko.

Gu antzerkia egiten hasi ginenean, 1984an, euskaraz modu profesionalean egiten zuen lehen taldea ginen. Ondorioz, guk antzezlan bat ateratzean erraz egiten genituen 100 emanaldi baino gehiago. Gero beste batzuk hasi ziren, eta tarta hori bi edo hiruren artean banatzen genuen. Gaur egun, 40 agerraldi egitea lortzen badugu, sekulako arrakasta da, eta, lehen baino askoz gehiago egin arren, orain dozena bat talde daude euskaraz modu txukunean egiten dutenak; konpetentzia asko areagotu da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun