Abaroa enpresak kaltetu zituen bizilagunen birkokatzerako Azpiegiturak —Bizkaiko Foru Aldundiko enpresa— hartu zuen konpromisoa maiatz honetan amaituko da. Erandioko EH Bilduk publiko egin duen idatziaren arabera, 2011n Azpiegiturak-ek hartu zituen bere gain etxebizitza galdu zuten 66 familien alokairuen kostuak, 1.500.000 eurora arte. Hortik aurrera ordaindu beharrekoaz Udala arduratuko litzatekeela adostu zuten.
Koalizio abertzaleak adierazi duenez, kaltetutakoen aseguru-etxeetako dirua eta Azpiegiturak agindutako dirua bukatu egin da; beraz, orain, Udalak egin beharko die aurre pertsona horien alokairuei, eta, gutxienez, abendura arte ia 400.000 euro jarri beharko ditu.
Gaineratu dute alkateak hori adierazi zuela martxoko osoko bilkuran; udal-agintariak horretan zehaztu zuenez, Aldundiagaz berba egiten ari dira, nolabait lagundu dezakeen ikusteko. EH Bilduren ustez, aurtengo aurrekontuak oraindino ez izatearen arrazoi garrantzitsuenetako bat hori izan liteke.
16 urte geroago
Abaroa enpresak Tartangan Los Ochos izeneko etxebizitza sustapena ekin zionean, 2005an, alboko etxeetako egituretan kalte handiak sortu ziren, eta 2006ko abuztuan Erandioko Udalak Altzagako Vegako lehendabiziko kaleratzea egin zuen. Kale horietako 66 etxebizitza eraitsi behar izan zituzten horrez geroztik.