Tartanga berde manten dezaten aldarrikatuko dute arrastian

Iker Rincon Moreno 2017ko eka. 30a, 10:40

Joan den ekainaren 11n jende-mosaikoa egin zuten parkean. © TARTANGA BERDEA

Tartanga Berdea herri-plataformak jende-katea egingo du gaur, barikuan, arrastian, kiroldegiaren ondoko 20.000 bat metro koadroko lur-saila parke legez mantentzeko eta 400 etxebizitza eraikitzeko planaren aurka. Hitzordua Altzagako metro-geltokiaren aurrean ipini dute, 19:00etan. Ekainaren hasieran sortu zen herri-ekimena.

Ekimeneko antolatzaileek azaldu dutenez, "publikoa, denona, herriak erabakita, denontzat! Tartanga berdea" gura dute. Modu berean, plataformak salatu du Azpiegiturak foru-enpresa publikoak trukatu egingo duela Altzagako kiroldegiaren ondoko gunea. Izan ere, nabarmendu dutenez, foru-enpresak horrela ordainduko du "orain dela 11 urte hustutako etxebizitzen eraistea eta eraikitzea"; hirigintza-arazoa aspaldi dago, "Abaroa eraikuntza-enpresak egin zuen lardaskeriagatik", gorarazi dutenez.

Joan den ekainaren 15ean itxi zuen Azpiegiturak enpresak lehiaketa publikoa, Altzagan kaltetutako etxeak bota eta 113 etxebizitza berri eraikitzeko, eta trukean Tartangako lur-saila jaso, 400 etxebizitza altxatzeko aukeragaz. Tartanga Berdearen ustean, "zenbait enpresa-eraikitzaile aurkeztu dira lehiaketara". Horren aurrean, argi utzi dute ez dutela Tartanga gune berde eta publiko legez galtzea.

Oroitarazi dutenez, udal-planen artean zegoen Tartangako parkean estalperik gabeko igerileku eta frontoi bana ipintzea. Azkenik, Abaroak kaltetutako 66 familiei behin betiko ostatua ematearen alde agertu da plataforma, "baina ez edozein prezioan".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun