Eusko Jaurlaritzak usaina eta aireko kutsadura neurtzen dituen kromatografo bat jarri du Erandioko Goikolanda ikastolaren ondoan. Erandioko Udalak azaldu duenez, neurgailua jarri dute auzo horretako bizilagunek eta auzo-elkarteek askotan salatu dutelako inguruko lantegietako usain txarrak, zaratak eta kutsadura pairatzen dituztela.
Udal-iturriek adierazi dutenez, "jarduketa honegaz, gobernu-taldeak bizilagunakaz hartutako konpromisoetako bat betetzen du, eta, horren bitartez, Udalak garatzen dituen ekintza guztien berri emango die unean-unean". Zehaztu dutenez, Udalak gaia aztertzeko Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailagaz izandako bileren emaitzetako bat da.
Horretaz gain, Erandioko Udalak jakinarazi du kutsadura aztertzeko beste ekintza batzuk egiten ari direla, besteak beste, lantegien inguruan zarata neurtzeko berariazko ikerketa eskatu diote Eusko Jaurlaritzari. Gaineratu dutenez, isuri atmosferikoak neurtzeko etengabeko kontrolak egiten ari dira hainbat tresna baliatuz; bestalde, inguruan egon daitezkeen fokuen zerrenda bidali diote Ingurumen sailari, kutsaduraren iturriak identifikatu ditzaten. Kexak kudeatzeko protokolo bakarra ezarri dutela ere jakinarazi dute.
Elkarteek gehiago egiteko eskatu dute
Auzokoa Herrikoi Elkarteak eta Herri Bideak Kate Barik Elkarteak azaldu dutenez, urriaren 20an Erandioko Udaleko ordezkariakaz batu ziren, Airearen Zaindariak ikerketaren emaitzak aztertzeko. Deitoratu dutenez, Udalak adierazi zien orain arteko estrategiagaz jarraituko duela, ikerketak adierazitako emaitzak "kezkagarriak" direla aitortu arren.
Gaineratu dutenez, Eusko Jaurlaritzak jarritako kromatografoa 2020ko abenduaren 15ean adostu zuten, gurasoen elkarteagaz eta ikastetxeko idazkaritzagaz izandako bilera batean, beraz, 10 hilabete behar izan dituzte hori instalatzeko.
Bestalde, elkarteek argitaratu duten prentsa oharrean beraien eskaerak ere zerrendatu dituzte: denbora errealean kutsaduraren datuak batzen dituzten sentsoreak jartzea, Leioako Udalak egin duen bezala; metal astunek eta airearen kalitate txarrak herritarrengan orain arte izan duen eragina ikertzeko azterketa sakon bat egin dezaten; eta ihesaldi edo kontaminazio-jario handi bat gertatuko balitz udalerri osorako jarduteko protokoloa bat.