Altzagako berdegunean eraiki gura dituzten 400 etxebizitzen proiektuaren aurrean, Tartanga Berdea herri-ekimenak ingurua babesteko borrokan jarraituko duela adierazi du. Horretarako, datorren urteko otsailaren 20an manifestazioa egingo dute; hori iragartzeko agerraldia egin zuten atzo, abenduaren 19an, Erandioko udaletxeko plazan. Zehaztu zutenez, manifestazioa Irailaren 23a plazatik aterako da 12:30ean.
Deialdiko adierazpenean azpimarratu dute ez dutela etsiko, gehiengo sozialak onartzen ez duen proiektua dela uste baitute; izan ere, nabarmendu dute pandemiak berdeguneen beharra berretsi duela, eta bestelako aukerak daudela. Gainera, deitoratu dute proiektu hori "auzoaren etorkizuna hipotekatzea dela", auzoan geratzen den berdegune bakarra desagertuko litzatekeelako.
"Beste irtenbiderik ez dagoela sinetsarazi nahi digute, etsi besterik ez dugula egin behar, eta gure bizi-kalitatea eta hurrengo belaunaldiena hipotekatu nahi dituen kudeaketa kaskarraren ondorio larriak onartu", azaldu dute deialdian.
Gaineratu dutenez, egitasmoa geldiarazteko garaiz dabiltzala uste dute, eta, antzeko proiektuak geldiarazi dituzten inguruko herri-mugimenduen adibidea jarraituz, kalera ateratzeko unea dela aldarrikatu dute: "Ziur gaude proiektu hau geldiarazteko modu bakarra herritarrak mobilizatzetik datorrela".
Tartanga Berdea Eguna
Ekainaren 12an Tartanga Berdea Eguna egin zuten, babestu gura duten berdegunean bertan. Egun horretan, hainbat auzotarrek babestu zuten ekimena, jardueretan parte hartuz. Ekimena, berdegunea babesteko jaio zen Tartanga Berdea kolektiboak antolatu zuen, gune horretan eraiki behar dituzten 400 etxebizitzaren egitasmoaren aurkako mugimendua, hain zuzen ere.