Tartanga Berdea plataformak ohartarazi du hondeamakinak lanean hasi direla Tartangako berdegunean

Ander Zarraga 2022ko urt. 19a, 17:38

Hondeamakinak Tartangako berdegunean lanean. © TARTANGA BERDEA

Altzaga auzoko berdegunea babesteko plataformak jakinarazi duenez, hondeamakinak lanean hasi dira Altzaga auzoko berdegunean. Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak 400 etxebizitza eraiki gura dituzte bertan. Horren aurka azaldu dira berdegunea defendatzen duen kolektiboa, eta mobilizazioa egingo dute otsailaren 20an.

Tartanga Berdea plataformak ohartarazi duenez, "aste batzuk daramatzagu makineria ikusten Tartangako berdegunean; lehenengo, zundaketa geoteknikoak izan ziren, eta, aste honetan, hondeamakina bat lurra mugitzen hasi da. Gertakari hauek alarma guztiak piztea eragin dute, Altzagako azken berdegunearen suntsiketaren hasiera izan daitekeenaren aurrean".

Azaldu dutenez, egitasmoaren lehen fase honetarako, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Erandioko Udalak bertan egin gura dituzten 400 etxebizitza eraikitzeko baldintzetako bat lurzoruaren deskontaminazioa da, eta bere horretan ari dira orain. "Ondoren, Eusko Jaurlaritzak ziurtatu behar du lur hori legeak ezartzen duen bezala daudela", zehaztu dute plataformako kideek.

Bigarren fasean, urbanizazio-proiektuaren azterketa teknikoa eta txosten sektorialak jaso beharko dituzte, hala nola Ur-partzuergoarena edo Ingurumen Sailarena. Behin alderdiek urbanizazio-proiektuari adostasuna ematen diotenean, osoko bilkurara eraman eta onespena ematen hasiko litzateke. Azkenik, alegazioak aurkezteko epea pasatu ondoren, behin betiko urbanizazio-proiektua osoko bilkurara eraman beharko dute berriro, behin betiko onar dadin.

Plataformaren aldarrikapenak

Horren aurrean, Tartanga Berdea plataformak exijitu du deskontaminazio-lanek ez dezatela parkea suntsitu, eta lan horien ondoren, berdegunea egoera "ezin hobean" gera dadila, auzokideek erabil dezaten. Gainera, Udalari galdetu diote ea lur horiek kutsatuta bazeuden, zergatik ez dituzten aurretik garbitu, hainbat urte daramatzalako aisialdirako berdegunea izaten.

Aipatutako arrazoiengatik, eta etxebizitzen eraikuntza geldiarazteko asmoagaz, mobilizazioa deitu dute otsailaren 20rako. "Zentzugabekeria geldiarazteko garaiz gaude, Altzagan herritarrei azken metro karratu berdeak lapurtzeko. Gizartearen presioa areagotu eta kalera ateratzeko una da", adierazi dute.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun