Tartanga Berdeak sinadura-bilketa egingo du 400 etxebizitza eraikitzeko proiektua geldiarazteko

Ander Zarraga 2022ko api. 22a, 11:52

Garbiñe Elosegi eta Maiteder Estevez Tartanga Berdeako kideak ekimenaren aurkezpenean.

Altzaga auzoko berdegunea defendatzeko mugimenduak beste aurrerapauso bat emango du, hainbat herritarrek babestutako mobilizazioaren aurrean "Udalak ezer gertatuko ez balitz bezala" egiten jarraitzen duela ikusi dutelako. Iragarri dutenez, hurrengo asteetan sinadura-bilketari ekingo diote proiektua geldiaraziko duen udal-ekimen bat Udalbatzara eramateko.

Ehunka herritarrek babestu zuten otsailaren 20an Tartanga Berdeak Altzagan antolatu zuen mobilizazioa. Auzo horretako berdegunea babesteko beharra adierazi zuten, udal-gobernuak daukan 400 etxebizitza eraikitzeko proiektuaren aurrean; izan ere, deitoratu dute ez dutela inor topatzen "berdegune publiko batean etxebizitzak eraikitzeko onurak dituela defendatzeko gai denik".

Azaldu dutenez, "manifestazioak arrakasta izan bazuen ere, udal-gobernu taldeari zuzenean dei egin genion arren, ezer ez gertatu balitz bezala egiten jarraitzen dute, eta ez dira gai izan auzokideon gehiengoak sentitzen dugunari inolako erantzunik emateko".

Horren aurrean, beste aurrerapauso bat eman eta udal-ekimen bat Udalbatzara eramateko sinadura-bilketari ekingo diotela iragarri dute. Zehaztu dutenez, Erandion erroldatutako 18 urtetik gorako bizilagunen sinadurak bilduko dituzte eta, beraien helburua betetzeko, gutxienez erroldaren % 10 beharko dute, 3.000 sinadura inguru.

Ekintza horren bitartez 400 etxebizitza eraikitzeko proiektua geldiaraztea da beraien asmoa, "harik eta lursail horien etorkizuna erabakitzeko herri galdeketa bat egiten arte behitzat". Eraikuntza egiten hasten ez diren bitartean proiektua geldiarazteko aukera dagoela nabarmendu dute, nahiz eta etxebizitzak saltzeko eta zozketa publikoa egiteko prozesu-inmobiliarioa martxan dagoen.

Berdegunea babesteko arrazoien artean, azpimarratu dute daborduko Erandion hainbat etxebizitza-proiektu daudela, baina ez  dutela herritarren bizi-kalitatea kontutan hartzen, ez baitago Tartangakoa bezalako irisgarritasuna duen berdegunerik auzoan: "Gaur egun Erandion buelta bat ematea gauzarik tristeena da, dena delako porlana eta ez dagoelako berdegunerik".

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun