Erandioko kutsaduraren arazoa ez da berria, baina azken urteetan, bizilagunek, guraso-elkarteek eta herriko taldeek hainbat salaketa eta deialdi egin dituzte inguruko lantegiek isurtzen duten keaz, usainaz eta zarataz ohartarazteko. Horren ondorioz, iazko urriaren 13an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak airearen kalitatea neurtzeko unitate mugikor bat jarri zuen Erandiogoikoa auzoko Goikolanda ikastolan, Udalak hala eskatu baitzion.
Duela gutxi, Aitziber Oliban Erandioko alkateak eta Amaia Barredo Ingurumen Iraunkortasuneko sailburuordeak unitatea bisitatu eta datuen atariko balantzea egin dute. Baieztatu dutenez, orain arte jasotako datuen arabera, Goikolanda ikastolako patioko neurketek adierazi dute airearen kalitatea normala eta udalerriko beste hiriguneetakoaren antzekoa dela; momentuz, ez dute bestelako informaziorik igorri jasotako emaitzen inguruan. Hala ere, laginketa-aldi osoa amaitzean datuen azterketa orokorra egingo dutela azaldu dute, neurgailua udaberrian eta udan ere hor egongo baita.
Zehaztu dutenez, unitate mugikorrak aireko konposatu organikoak neurtzeko GC-MS kromatografo bat eta PM10 partikulak, metalak eta HAP (Hidrokarburo Aromatiko Poliziklikoak) batzeko hargailua ditu.
Elkarteen haserrea
HIRUKAk Auzokoa Herrikoi Elkartea eta Erandioko Auzokideok taldeen iritziak batu ditu baieztapen horien inguruan eta, besteak beste, salatu dute ulergaitza dela 2021eko Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailaren datu ofizialen arabera EAEko airerik osasungaitzena duen udalerriko airea "normala" dela esatea. Horretaz gain, neurgailu mugikorraren kokalekua ere gogor kritikatu dute, Asua araneko haize nagusien ondorioz lantegietako isurketek ez dutelako zuzeneko eraginik Goikolanda ikastolan; nahiz eta toki horretan ere usain txarrak salatu dituzten.
Alde batetik, Erandiogoikoko Auzokoa Herrikoi Elkarteko kideek adierazi dute "harrituta" daudela alkateak egindako baieztapenagaz. Azaldu dute, beraiek neurgailu propioak dituztela Asuan, Arriagan eta Erandiogoikoan: "Horietan oso datu altuak batu ditugu; osasunerako muga 40 PM2,5 bada, guk 1.000ko pikuak jaso ditugu". Aitzitik, Eusko Jaurlaritzaren datuek laginen arteko batezbestekoa egiten dutela azaldu dute, beraz, "piku horiek diluitu egiten dira".
Gaineratu dutenez, Udalari neurgailu mugikorra lekuz aldatzeko ere eskatu diote behin baino gehiagotan, "haizearen norabidearen ondorioz kutsadura-maila altuagoa baita Arriagan, Asuan edo Playabarrin, adibidez". Horretaz gain, "hiru kilometrotan 17 enpresa kutsakor ditugu, horietako batzuk oso arriskutsuak dira gainera", deitoratu dute elkartekoek, adierazteko usain txarren eta kearen jatorri konkretua ezagutzea oso zaila dela.
Bestalde, Erandioko Auzokideok elkartekoek "kezka handiagaz" hartu dute Udalak Erandioko osasun publikoarentzako arazo larria horrela normalizatzea: "Alkateak adierazi du airearen kalitatea beste hiriguneen antzekoa dela, baina ez dakigu zehazki zer esan gura duen horregaz". Jakinarazi dituzten emaitzak partzialak direla eta Asuako industriaguneko foku nagusietako emisio kutsatzaileen sakabanaketak eragini gutxi duen puntu batetik hartu dituztela ere kexatu dira.
Elkarte biek jakinarazi dute lanean jarraituko dutela airearen kutsadura aztertzeko laginak hartzen, egoera salatzen eta, Erandioko Auzokideok elkartearen kasuan, fiskaltzan jarritako salaketa bere horretan mantenduko dute: "Befesa Aluminioren aurkako gure salaketa eta ikerketan jarraituko dugu, kontrolik gabeko ohiko isurketengatik, jendea bizi den eremuetan eta gune publikoetan kalte larriak eragiten dituztelako. Duela gutxi erregistratutako bigarren salaketa-zabaltze bategaz, Befesaren Ingurumen Baimen Bateratuaren beharrezko berrikuspena ere bideratzen dugu".