Erandio eta inguruko udalerrietako biztanleak beraien etxeetako leiho eta ateak ixtera behartuta daude, Befesa lantegitik ateratzen diren keen eraginez. Erandioko auzoetako elkarteek hainbatetan salatu dutenez, batzuetan, isuriak kontrolik gabe ateratzen dira lantegi horretatik, eta, orduan, ezin daiteke ezta kalera atera.
Orain arte, Erandioko zenbait elkartek hainbat salaketa eta ekintza egin dituzte bizi duten egoera salatzeko, eta diotena irudiakaz, testigantzakaz eta neurketakaz frogatu ere egin dute. Oraingoan, Erandioko Auzokideok-Erandio Bizirik auzo-elkartetik Ingurumen Fiskaltzari erregu egin diote, batez ere, Arriaga eta Altzagan egon ohi diren gertaera toxikoak azter ditzaten. "Gure ustez, osasun publikoaren eta ingurumenaren aurkako delituak izan daitezke", azpimarratu dute.
"Norbaitek, nolabait, egoera hori geldiarazteaz gain, neurriak ere jarri behar ditu mahai gainean, osasun publikoari etengabe kalte egin ez diezaion, gero eta handiagoa baita ekintza politiko eta instituzionalik ezaren aurrean", adierazi dute. Bestalde, auzo-elkarteak "egoera horien jarraipena, kontrola eta salaketa" egiten jarraituko dutela iragarri dute.
Isuri toxikoen handitzea
Azken asteotan, Befesa lantegitik atera diren isuriek osasun publikoarentzako larrialdi-maila izan dute Arriaga eta Altzaga auzoetan, Airearen Kalitatearen Estatuko Indizearen arabera. Erandioko Auzokideok-Erandio Bizirik elkartetik azaldu dutenez, herritarrek egindako neurketetan PM 2,5 partikulen balioek 500 mikrogramoak gainditu dituzte jendea bizi den eremuetan. Neurketa horiek fidagarriak direla arrazoitu dute, Eusko Jaurlaritzak Erandion duen neurgailu ofizialagaz konparazio-testak egin dituztelako.
Gaineratu dutenez, Goikoan instalatutako unitate kromatografoak ez ditu emisio horiek neurtzen, ez baitago kokatuta isurketen norabide nagusiaren arabera.
Horretaz gain, Eusko Jaurlaritzak kutsadurari buruz egin duen azken txostenean adierazten denez, oro har, EAEko airearen kalitatea hobetu egin da, Erandion nabarmen okertu den bitartean.
Befesa Aluminio S.L. altzairu-hautsak, gatz-zepak eta aluminio-hondakinak birziklatzen eta horiekaz lotutako beste industria-zerbitzu batzuetan espezializatutako konpainia da. Auzotarrek adierazi dutenez, enpresa errentagarria da eta etekin handiak lortzen ditu, beraz, "instalazioak egokitu behar ditu, gertaera toxiko horiek saihesteko".