Erandioko Udalbatzak Cables y Alambres lantegia botatzeko lehen urratsa eman du

Ander Zarraga 2022ko mai. 27a, 12:41

Cables y Alambres enpresaren orubean egin gura duten proiektuaren irudikapena. © ERANDIOKO UDALA

Erandioko Udaleko osoko bilkurak Cables y Alambres lantegi zaharra "birgaitzeko" hirigintza-hitzarmena egitea onartu du. EAJ eta PSE-EEk osatzen duten gobernu-taldeak eta Elkarrekin Podemosek hitzarmenaren alde bozkatu dute eta EH Bilduk aurka. Akordio horretan, besteak beste, lantegiaren aldameneko 30 etxebizitza inguru eraistea aurreikusi dute. Gainera, Udalak desagertutako enpresaren langile ohien eskubideak eta interesak babestuko dituela ere adierazi du.

Erabaki honegaz, Erandioko Udalak lehen urratsa eman du CAESAko konkurtso-administrazioagaz, lehengo Cables y Alambres enpresagaz, sinatu beharreko hirigintza-hitzarmena gauzatzeko. Horren bitartez, hirigintza-, ingurumen- eta segurtasun-helburuak zehaztu ahalko dituztela adierazi dute udal-iturriek, eta konkurtso-administrazioak ahalmena izango du lurzoruak enkantean jartzeko, zortzi milioi eurotik gorako prezioa ordain dadin.

Zentzu horretan, Udalak lerro gorria ezarri du Cables y Alambres enpresako langile ohien lan-eskubide eta -interesei dagokienez. Adierazi dutenez, esentzian Udalaren eskumenekoa ez izan arren, etorkizuneko arauen balizko aldaketa puntualari ekiteko orduan, Udalak langileen eskubideak eta lan-interesak zaintzea gainbegiratuko du, aurten egingo den merkataritza-arloko epaitegiak babestutako balizko enkante judizialean kalte-ordainak jaso ditzaten.

Horretaz gain, hitzarmenaren arabera, Udalak Martiartu eta Urdaneta kaleetan, Cables y Alambres enpresaren aldamenean dauden 30 etxebizitza inguru eraitsiko dituztela ere iragarri dute. Eraikin horietako asko ordenaziotik kanpo daude eta irisgarritasun-arazoak dituztela ere zehaztu dute. Ordainetan, jabeei etxebizitza berriak emango dizkietela iragarri dute udal-iturriek.

Era berean, adostutako hitzarmenaren arabera, egitasmoak aurreikusten dituen 356 etxebizitzatik % 60 inguru sustapen librekoak izatea aurreikusten dute, eta gainontzeko % 40 babesekoak. Gainera, Kolektibo kalteberentzako zuzkidura-bizitokiak egongo direla ere agindu eta alokairuaren hautabidea ere ikertuko dutela adierazi dute. Halaber, 32.739 metro koadroko aire libreko eremuak ere egongo dira, hau da, azaleraren ia % 82. Zuhaitz-landaketari dagokionez, legeak ezarritakoa baino % 15 landatuko dituztela agindu dute, 700 inguru, hain zuzen ere.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun