Joan den urriaren 8an, Vicinay Taldeak enpresa likidatzeko lehiaketa eskatu zuen eta, aldi berean, baimen retributibo batekin langileak etxera bidaltzea erabaki zuen. Hortaz, lantegiaren jarduera eten egin zuen, indarrean eskari asko egon arren.
Vicinay Taldeak enpresako arduradun guztiak kargugabetu ditu, eta kudeaketa Administrazio Konkurtsalaren esku dago.
Bada, Cables y Alambres enpresako langileek, lantegiaren atarian 25 egunez akanpatuta egon ostean zuzendaritzak materiala atera ez zezan, kanpalekua altxatzea erabaki dute Administrazio Konkurtsalagaz lehen bilera izan eta gero.
Langileek gaur bertan egin dute batzarra, eta Vicinay Taldeak geldiarazitako jarduerari ekitea erabaki dute.
Hain zuzen ere, langileek industria-proiektuaren bideragarritasunaren aldeko apustua egiten jarraitzen dute, 100 egun baino gehiago soldata jaso gabe daroaten arren. Izan ere, berriro lan egitea erabaki dute negozioa berreskuratzeko, industria-proiektuarekin interesatuta dauden balizko inbertsoreak bilatzen dituzten bitartean. Zentzu honetan, langileek eurek industria proiektuan interesatuak egongo daitezkeen inbertsoreei dei egin diete.
Langileek nabarmendu dute negozioa errentagarria dela, eta gogoratu dute kable-ekoizle bakarrak direla Espainiako Estatuan eta bezeroen poltsa handia dutela.
Azpimarratu beharra dago Hartzekodunen Konkurtsoak instalazioei eta lantegiaren lurrei eragiten diela. Lur hauen birkalifikazioa udalerriko HAPO delakoan dago jasota, erresidentzia erabilerako.
Honengatik guztiagatik, egoera zail honetan, langileek erakundeen inplikazioa eskatu dute, baita konponbide bat ere Vicinay Taldeari. Egungo egoera Vicinay Taldearen ardura dela diote langileek.