Cables y Alambres enpresaren ugazaba den Vicinay talde multinazionala Erandioko Udalagaz ari da negoziatzen lantegiko lurrak saltzeko asmoagaz. Horren bitartez, etxebizitza-proiektu bat gauzatu gura dute, langileakaz eta hornitzaileakaz duten zorra ordaindu ahal izateko. Erandioko EH Bilduko zinegotziek azaldu dutenez, lurzoruaren salmenta-prezioa 8,5 milioi euroko izango litzateke, 400 etxebizitza eraikitzeko aukeragaz.
Koalizio abertzaleko kideak zalantzak azaldu dituzte proiektu horren bideragarritasunaren inguruan, eta adierazi dutenez, "momentuz ez dagoela ezer garbirik". Gainera, ez daude ziur langileakaz duten hiru milioi euro inguruko zorra ordainduko dietenik, "proiektuak hainbat baldintza bete beharko lituzkeelako, besteak beste, lurren deskontaminazioa eta lurraren erabilerari buruzko arauak bete".
Era berean, deitoratu dute Erandion enpresek sortzen dituzten arazoak etxebizitzak eraikiz konpontzen dituela Udalak; Tartangako berdeguneko proiektua horren adibide argia dela deitoratu dute. Azaldu dutenez, Erandiok 15 urte daramatza HAPO bat gabe, "eta horri esker hainbat etxebizitza egin dituzte inolako planifikaziorik gabe".