Tartanga Berdea ekimeneko kideek deitoratu dute Udalak "ez eperik ez finantziazio-planik ez duen egitasmoa" orain aurkeztea ez dela kasualitatea izan. Kritikatu dutenez, Tartanga Berdeak auzoko berdegunerik handiena babesteko sinadura-bilketa eta proiektuaren aurkako alegazioen kanpaina areagotu duenean, Udalak hori "neutralizatzeko kontrakanpaina" egitea erabaki du, ikastetxe ondoan eraikiko duten berdegunearen egitasmoaren aurkezpenagaz.
Diotenez, ez dira egitasmoagaz fidatzen, eta "maniobra hutsa" dela deritzote. Gaineratu dutenez, 2023ko maiatzeko hauteskundeei begira egindako mugimendua litzateke. Diotenez, "EAJk badaki Tartangako hormigonizazioaren proiektua ez dela erandioztar askoren gustukoa", eta, horren bitartez, gobernu-taldeak bilatzen duena da botoak ez galtzea eta "lagun konstruktore pribatuen interesak defendatzea".
Zentzu horretan, plataformako kideek adierazi dute, fidatu ez arren, 10.000 metroko gune berde berria ongietorria dela, baina, orain arte bezala, iragarri dute 20.000 metro koadroko kiroldegi ondoko berdegunea defendatzen jarraituko dutela.