Erandioko Udalak Tartanga ikastetxearen ondoan parke bat eraikitzea proiektatu du

Ander Zarraga 2022ko urr. 10a, 13:32

Erandioko Udalak Tartangako eremuan proiektatutako parkearen fotomuntaketa. © ERANDIOKO UDALA

Urriko Udalbatzan 10.000 metro koadroko desjabetze-espedientea onartzea aurreikusi du Udalak, Tartanga LHII ikastetxearen ondoan kiroldegi eta berdegune bat eraikitzeko. Iragarri dutenez, parke berri horrek ordezkatuko du kiroldegi ondoko berdegunea, eta herritarrek aukeratuko dute bertan skatepark bat edo igerilekuak egitea.

Erandioko Udalak Tartangako hirigintza-proiektuagaz aurrera jarraitzen duela berretsi du gaur, eta, horretarako, auzoko berdegune handienaren ordezkoa izango dena aurkeztu du. Udal-iturriek jakinarazi dutenez, berdegune berria Tartanga LHII ikastetxearen eta inguruko lantegien ondoan egingo dute, eta, horregaz hasteko, hil honetako osoko bilkuran 10.000 metro koadroko eremu baten desjabetze-espedientea onartzea aurreikusi du gobernu-taldeak.

Tartanga Berdea elkartea udal-kiroldegi ondoko berdegunean mantentzearen alde eta egin gura duten hirigintza-proiektuaren aurka sortu zen 2017an. Ordutik hainbat ekimen burutu dituzte berdegunea defendatzeko, baina Udalak gaur adierazi duenez, "eremu hori 2015ean aldi baterako gaitu zen, baina horren desagertzea berehalakoa izango da, 2007an Abaroa enpresak eragindako kalteen ondorioz 180 pertsona baino gehiagoren birkokatzeari lotuta dagoelako". Era berean, adierazi dute gobernu-taldeak proposamen "posible, erreal eta iraunkor bat" landu duela, Tartanga birsortzeko eta kirol-eremu eta berdegune bat behin betiko gaitzeko helburuagaz. Gaineratu dutenez, prozesu parte-hartzailea martxan jarriko dute desjabetutako 10.000 metroko eremu horren erabilerari buruz galdetzeko. Momentuz, bi aukera emango dituztela iragarri dute: skatepark bat edo estali gabeko igerilekuak.

Ildo horretan, Tartangako atzealdea berrurbanizatzeko eta ikastetxeen inguruko espaloia doitzeko inbertsioak ere aipatu dituzte, horietarako 1,3 milioi eurotik gorako inbertsioa egin baitu Udalak. Gainera, udal-iturriek eskerrak eman gura izan dizkiete inguruko enpresei, "interes orokorraren mesedetan eremuaren urbanizazioan lagundu dutelako".

Andeatutako eremua

Halaber, Udalak gogoratu duenez, udalerriko eremu horrek kutsakorrak ziren hainbat lantegi hartu zituen 60, 70 eta 80ko hamarkadetan; hori dela eta, lur horien berritze- eta deskontaminazio-lanek hurrengo urteetan ere jarraituko dute. Jarduketa horren barruan kokatu dute Tartanga kaleko 2. fasean egingo duten 700 metro koadroko umeentzako parkea, Fabio Moreno Alsa ETAre biktimaren izena eramango duena, eta udal-kiroldegiko aparkalekuaren urbanizazioa.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun