Erandioko Udalarentzako hain esanguratsua den egitasmoa aurkezteko, Aitziber Oliban Erandioko alkatea eta Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea egon dira, Udaleko alderdi politikoetako eta udalerriko erakundeetako ordezkariakaz batera. Alkateak eraikinaren historia gogoratu du, gaur egun duen egitura modernoagaz eta izango duen erabileragaz alderatuz. Gaineratu duenez, daborduko aste-akabuan egingo diren jendearentzako irekiera-jardueretarako ia 3.800 gonbidapen eskari jaso dituzte: "Argi dago honen gogoa zegoela".
Merkatu Zaharrak bi gune nagusi ditu, alde batetik, 650 pertsona zutik eta 280 eserita edukiera duen antzezleku bat beheko aldean, eta, bestetik, goian, antzinako merkatuan harategiak zeuden lekuan, taldeentzako bi entsegu-gela eta erabilera anitzeko gela bat ere gaitu dituzte; gelak 23 eta 15 metro koadrokoak dira eta erabilera anitzeko salak 73 metro karratu ditu. Horretaz gain, goiko solairuan antzezlekura begira dagoen palko bat ere jarri dute.
Aurkezpenean nabarmendu dutenez, beharrezkoa denean antzezlekuko eserlekuak agertokiaren azpian batu daitezke, butaka-patioan gune ireki bat utziz. Gainera, 65 metro koadroko azalera daukan oholtza ere dauka, dagozkion kamerinoakaz eta ikuskizun mota guztietarako azpiegituragaz. Era berean, Merkatu Zaharrean "Foyer" deritzon harrera-gune bat egokitu dute, eta eraikinak irisgarritasuna bermatzeko baliabide guztiak bete ditzala bermatu dute.
Eraikinaren estreinaldia aste-akabu honetan egingo dute, hilaren 26 eta 27an, adin guztietako bost emanaldigaz. Zapatuan, 11:30ean, Txirri Mirri eta Txiribiton pailazoak egongo dira; 18:30ean, Gurutze Beitia etaGorka Aginagalderen A Gussssto! antzezlana eta, 22:30ean, Momo Queen taldearen tributua. Domekan, aldiz, 11:30ean, Mari eta gaileta fabrika antzerkia eta, 18:30ean, Mocedades taldearen kontzertua eskainiko dituzte.
Atzerapenak eta gainkostua
Bere aldetik, Erandioko EH Bilduk proiektuaren hainbat aspektu kritikatu ditu, nabarmenduz ez duela kultur proiektu sendorik eta parte hartzerik gabe egindako egitasmoa dela, beraien aburuz ez baitituzte auzoko herritarren eta kultur elkarteen ekarpenak jaso. "Udalean ezinezkoa izan da kulturaz aritzea, Lurralde batzordean jorratu baita gaia. Soilik aspektu teknikoak eta obrari buruzkoak aipatu izan dira", azaldu dute.
Era berean, egitasmoaren atzerapenak eta gainkostuak ere gaitzetsi dituzte, Merkatu Zaharra berritzeko lehen lanak 2018an hasi baitziren, eta, ordutik, Altzagako programazio kulturala murritza izan dela deitoratu dute.