Erandioko Gasolinoa, salmentan

Ander Zarraga 2022ko abe. 19a, 09:05

Boteros del Nervion enpresako hiru Gasolinoak eta Oscar Suarez, enpresako ugazaba.

Oscar Suarez, Erandio eta Barakaldo lotzen dituen itsasontzi-zerbitzuko arduradunak adierazi du enpresa salmentan jarri duela, bere egoera ekonomikoa jasanezina delako. Deitoratu du garraio publikoaren % 50eko deskontuak eta erregaien garestitzeak zerbitzua sostengaezina egin dutela.

Erabaki horrek ardura piztu du herritar askorengan, mende bat baino gehiagoz martxan egon diren itsasontziak itsasadarren ikur historikotzat baitituzte. Hala ere, Suarezek urte asko daramatza esaten zerbitzua defizitarioa dela eta erakunde publikoen eta herritarren babesik gabe ezin izango duela aurrera jarraitu: "Nekatuta nago, ez mentalki ez ekonomikoki, ezin dut gehiago".

Azken kolpea garraio publikoan ezarri duten % 50eko deskontua izan da, erabiltzaile askok bestelako garraio batzuk aukeratu dituztenez, egunean 120 bidaiari galdu dituela dio Suarezek; gainera, azkenaldiko erregaien garestitzea ere gehitu behar zaio horri. "Hilabetean 5.000 euro inguru ari naiz galtzen", adierazi du. Etorkizunera begira ere ikuspegia oso ezkor ikusten du patroiak, laster, itsasadarreko ertz biak lotuko dituen zubia hasiko baitira eraikitzen, Erandio eta Barakaldo artean.

Suarezen enpresak egurrezko hiru gasolino eta hiru behargin ditu, eta dioenez, azken hilabeteotan ez du soldata kobratu bere langileei ordaindu ahal izateko. Azpimarratu duenez, egoera jasa ezina da berarentzat, horregatik, edo zerbitzua bermatzeko diru-laguntzak bideratzen dituzte edo behin betiko itxi beharko duela iragarri du. Bien bitartean, Boteros del Nervion enpresa salmentan jarri du, baina ez du uste inork erosteko interesa izango duenik: "Antzinako barkuak dira, eta diru asko inbertitu dut ondo zainduta egon daitezen, baina, hala ere, saltzeko zailak dira".

Bisita gidatuak

Azken urteotan, Erandioko eta Barakaldoko udalek itsasadarra ezagutzeko bisita gidatuak bultzatu dituzte, itsasadarreko ertz bietako ondarea eta historia ikasleei, turistei eta bertakoei ezagutzera emateko, eta Gasolinoari beste diru-iturri bat emateko. Horrez gain, bestelako ateraldiak ere egiten dituzte urtebetetzeetarako edo bestelako ospakizunetarako, baina Suarezek deitoratu du ez dela nahikoa. Horretaz gain, Gasolinoak egunero eskaintzen du itsasadarreko ertz batetik bestera zeharkatzeko zerbitzua, astelehenetik barikura, 05:30etik 21:00era.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun