Erandioko zubiaren aurrekontua 8,5 milioi euro areagotu da materialen kostuen garestitzeagatik

Erredakzioa 2023ko ots. 1a, 09:41

Bizkaiko Foru Aldundiak aste honetan esleituko ditu lanak Erandio eta Barakaldo lotuko dituen oinezkoentzako zubi mugikorra eraikitzeko. Halaber, iragarri du kostuak garestitu egingo direla, 16,5 milioi eurotik ia 25 milioira, eta lanak bukatzeko epea 2025 arte atzeratu dute .

Bizkaiko Foru Aldundiaren gobernu kontseiluak onetsi du Erandio eta Barakaldo arteko bizikletentzako eta oinezkoentzako zubi mugikorraren eraikuntza proiektua. Zubi horren bidez lotuko dituzte itsasadarraren eskuinaldean egingo duten bulebarra ezkerraldeagaz. Aste honetan deituko duten lehiaketaren bidez esleituko dituzte zubia eraikitzeko obrak, eta lanek 30 hilabeteko epea izango dute; ondorioz, 2025ean bukatzea aurreikusi dute.

Halaber, zehaztu dutenez, aurrekontu berria 24.950.534 eurokoa izango da, hasierako aurreikuspenak baino 8,5 milioi euro gehiago, orduan 16,5 milioi eurotan ezarri baitzuten lanen kostua. Aldundiak azaldu duenez, lizitazio-aurrekontua egiterakoan, hasierako proiektuan zenbatetsitako prezioa eguneratu dute, eta eraikuntzako materialen prezioek izan duten igoera kontuan hartuta, batez ere altzairuarenak, bai eta eskulanaren kostuarenak ere, 

Imanol Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak azpimarratu du lizitazioa urrats erabakigarria dela proiektua gauzatzeko. Gainera, azpimarratu du egitasmoan hainbat hobekuntza ere egin dituztela proiektuan, tartean, Altzagako moilako parkea handitzea. Iragarri duenez, itsasadarreko ur laminaren gainean egongo den azpiegitura berri horren bidez, zubiaren alboan 1.970 metroko eremu berri bat sortuko dute. Era berean, eraikuntza proiektuan, Barakaldoko ertzean zubiaren lur-hartzea egokituko dute, guneko etorkizuneko hirigintza jarduketara egokitzeko. 

Erandio eta Barakaldo, gertuago

Aitziber Oliban Erandioko alkateak azpimarratu duenez, Barakaldorekiko lotura eta bide segurtasuna hobetzeaz gain, zubiak mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua berresten du. Era berean, nabarmendu du proiektua garrantzitsua izango dela ezkerraldearekiko lankidetza bultzatzeko. Izan ere, sinergia ugari daude ezkerraldeagaz eta horrek auzokideen bizi-kalitatea hobetuko duela ere adierazi du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun