Udalak eta Cables y Alambres lantegiko konkurtso administrazioak hitzarmena sinatu dute

Ander Zarraga 2023ko ots. 27a, 10:48

Cables y Alambres enpresaren orubean egin gura duten hirigintza-proiektuaren irudikapena. © ERANDIOKO UDALA

Erabaki horren bitartez, besteak beste, lantegiko 120 behargin ohi baino gehiagok kobratu ahal izango dute. Udalak azpimarratu duenez, langileen interesei erantzungo zien akordioa lortzea "marra gorri" bat zen.

Udalak eta Cables y Alambres lantegiko konkurtso administrazioak adostutako hitzarmena, azken batean, oinarrizko hainbat mugarritan oinarritzen dela azaldu dute: hirigintza-berroneratzeko egitasmoa; oso kutsatuta dauden lurzoruen ingurumen-birgaitzea; 1.000 aparkaleku inguru eraikitzea; zuzkidura publikoak; 356 etxebizitza, horietatik % 40 babes publikokoak; jarduera ekonomikoen hirugarren sektoreko erabilerarako 7.200 metro koadro bermatzea; gaitutako lokalen 1.500 metro koadro; bi plaza handi sortzea edo udal-ekipamenduen hobekuntza, bereziki asistentziakoak.

Hori gauzatzeko, Erandioko Udalak eta Cables y Alambres enpresaren konkurtso administrazioak hitzarmena sinatu berri dute. Halaber, horren bitartez, lantegiko 120 behargin ohi baino gehiagok dagozkien indemnizazioak kobratu ahal izango dituztela ere azpimarratu dute. Horrela, eta mugarriak bete ahala, konkurtsoaren likidazioan egiteke dauden ordainketak osatzen joango dira langile guztientzat.

Udal-iturriek azaldu dutenez, une oro egon dira tartean, eta, udal-ordezkaritza duten hiru talde politikok, EAJ, PSE eta Elkarrekin Podemos, gutxienez hirutan azaldu diete langileei jarduera bertan behera utzi zenetik emandako pausoak eta lantzen ari ziren ekimena. Halaber, adierazi dutenez, "proiektu horrek aukera emango du hirigintza eta ingurumena leheneratzeko eta birgaitzeko, bai eta beste inguruabar batzuk ere".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun