Erandiogoikoko kutsadura normala dela dio Eusko Jaurlaritzak, baina elkarteak ez daude horregaz ados

Ander Zarraga 2023ko ots. 27a, 14:10
Goikoa ikastolan jarritako kromatografoak airearen kalitatea neurtu du 2021eko urritik.

Goikolanda ikastolaren jolastokian urtebetez egon den aire-neurgailuak jaso dituen balioak "legezko parametroen barruan daude, eta indarrean dagoen legeria betetzen dute", adierazi dute Erandioko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak. Hala ere, kutsadura hainbatetan salatu duten elkarteak eta EH Bildu ez datoz bat erakunde publikoek adierazitako lasaitasunagaz eta hainbat ñabardura egin dizkiete emaitzei.

Aurreko barikuan, Ingurumenaren Iraunkortasuneko sailburuorde Amaia Barredok eta teknikariek Goikolanda ikastolako patioan urtebetez egon den kromatografoak jasotako datuak aurkeztu zizkieten Erandion udal-ordezkaritza duten talde politikoei, ikastetxeko ordezkariei eta udalerriko hainbat elkarteri. Sailburuordearen arabera, eremu horretako airearen kalitatea "normala" da, eta legezko parametroen barruan dago, eta indarrean dagoen legeria betetzen du.

Horregaz batera, Eusko Jaurlaritzako iturriek lasaitasun mezua igorri gura izan zieten inguruko bizilagunei: "Balio guztiek araudia betetzen dute, parametroen barruan daude eta ezarritako lege-maila aise betetzen dute". 

Eusko Jaurlaritzak neurgailua Erandiogoikoko Goikolanda ikastolako patioan jartzea erabaki zuen 2021eko urrian, Erandioko Udaleko gobernu-taldeak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari airearen kalitatea neurtzeko eskatu baitzion.

Elkarteen haserrea 

Herri Bideak Kate Barik eta Herrikoi Auzokoa Elkarteak gogor kritikatu dituzte Jaurlaritzak igorritako emaitzak, eta "iruzurra" direla salatu dute. Sare sozialetan argitaratu dutenez, datuen aurkezpenaren egunera arte ez zuten inolako txostenik jaso eta informazioa ahoz emateaz gain, "partziala" dela adierazi dute. Argudiatu dutenez, bataz besteko datuetan oinarritzen direlako eta ez jario handietan, eta, gainera, ikerketarako ez omen dituztelako hainbat faktore kutsagarri kontutan hartu: "PM10, PM 2,5, O3...".

Halaber, deitoratu dute ez dituztela herritarren osasunerako egon daitezkeen albo-kalteak aipatzen eta "legezko parametroen barruan gaudela esaten dutenean, ez dute adierazten ez gaudela OMEk gomendatzen dituenen barruan, eta horiek dira gomendagarriak". Zentzu horretan, deitoratu dute Osasun Saileko inor ez zela egon aurkezpenean, osasunean egon daitezkeen eraginen berri emateko.

Horregaz batera, EH Bildu ere aipatutako elkarteakaz lerrokatu da eta Udalaren jarrera pasiboa kritikatu du eta horrelako lasaitasun mezuak igortzea arduratsua ez dela ebatzi dute: "Kezkatuta gaude, Sailburuordetzan legezko parametroak betetzen diren ikuskatzaile huts gisa jokatzen dutela iruditu zaigulako, legedia ingurumenaren aldetik onargarria den OMEren parametroekin parekatuko duten lege-aldaketak sustatzeko aukera planteatu ere egin gabe".

Horregaz batera, elkarteek gogoratu dute barikuan, martxoak 3, manifestazioa egingo dutela Befesaren lantegiaren aurrean, eta dei egin diete kutsadurak larrituta dauden auzotar guztiei horretan parte har dezaten.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun