All Iron Zubia izena jarriko diote Erandio eta Barakaldo arteko zubi mugikorrari

Erredakzioa 2023ko mar. 31a, 12:22

All Iron Zubiaren aurkezpena egin zuten egiturak Barakaldon lurreratuko den gunean bertan. © BIZKAIKO FORU ALDUNDIA

Barakaldo eta Erandio arteko zubi mugikorra Bizkaiko eraldaketa handien ikonoa izan gura duela adierazi dute Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariek. Unai Rementeriak, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, iragarri duenez, zubiak All Iron Zubia izena izango du, XIX. mendearen bigarren erdialdean Galindo ibaiaren bokalean kokatu ziren burdinaren industria eraldatzaile handiaren omenez.

Atzo, martxoaren 30ean, egin zuten aurkezpen ofizialean gogoratu zutenez, Ingelesezko All Iron adierazpen ezaguna oihukatzen zen Trianoko mendietan metal preziatuaren zain berrien agerpena ospatzeko. Gaineratu zutenez, esamoldeak kultur eta kirol-konnotazio nabarmenak ditu gaur Athletic Club futbol-taldearen garaipenakaz duen loturagatik, eta horregatik Ahaldun Nagusiagaz batera iragarpenean Jose Angel Iribar ere egon zen.

Rementeria eta Iribarregaz batera, Aitziber Olibanek, Erandioko alkateak; Amaia del Campok, Barakaldoko alkateak; Elixabete Etxanobek, Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatuak eta Jon Ruigómezek, Athletic Clubeko presidenteordeak, hartu zeten parte atzoko ekitaldian.

"Zubi honek orduko industria handiaren eta EIC eta Bizkaia dorrea bezalako proiektuen errealitate berriaren arteko lotura ere sinbolizatzen du. Mugikortasun zaharretik mugikortasun berrira igarotzeko aukera ematen digulako. Mugikortasun jasangarriagoa eta osasungarriagoa. Bertan, zapatila eta bizikleta, trenarekin batera, gure ardatzak direlarik. Zubi honek Ezkerraldeko bidegorri-sare osoa, itsasadarreko etorkizuneko bulebarra eta Eskuinaldeko eta Bilboko sare osoa lotzen ditu. Itsasadar honetaz berriro gozatu ahal izateko" adierazi zuen Rementeriak.

Burdinaren legatua

1855 inguruan, lehenengo siderurgia-instalazioa eraiki zituzten Barakaldon, Fábrica de Hierros de Nuestra Señora del Carmen izenekoa, eta orain zubi mugikorra eraikiko den lursail berean eraiki zuten Trianoko meatze-arroko burdina-minerala urtzeko eta industrializazio-prozesuak eskatzen zituen ontzi-, tren- eta eraikuntza-jarduera ugarietan ustiatzeko. Lantegi hura Bizkaiko Labe Garaien enbrioia izan zen; ondoren Labe Garaietan integratu ziren, besteak beste, La Iberia fabrika, gaur egun Arcelor Mittal dago bertan, edo Altos Hornos de Bilbao bezalakoak.

Zubi mugikorraren ezaugarriak

Zubi mugikorraren metalezko egitura harkaitzezko ohantzean ainguratutako dute 12 pilaren gainean eta bi tarte finko eta bi tarte mugikor izango ditu. Baoek 27 metroko argia izango dute, erdiko baoan eta horren ondoko bietan izan ezik; erdiko baoak nabigazio-kanala mugatzen baitu eta 60,20 metroko luzeera izango du, eta horren ondoko biek 20 metroko tartea izango dute.

Bi zati mugikorrak erloju-orratzen norabidean irekiko dira; hala, Barakaldotik hurbilen dagoen tartean erdiko baoa ibaian gora orientatuta geratuko da, eta Erandiokoan, berriz, ibaian behera.

Zubiaren azpiko ubide nabigagarriak 50 metroko zabalera izango du eta itsasadarretik nabigatzen diren itsasontzi gehienak zubi itxiarekin igaroko dira, diseinuak taula azpian itsasgoran 6,5 metroko galibo librea gaitu duelako.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun