Elkarrizketak

Aitziber Oliban: "Udal batean alkate edo zinegotzi izateko herria bizi eta zapaldu egin behar da"

Ander Zarraga 2023ko api. 11a, 14:44

Aitziber Oliban Erandioko lehen alkate emakumea da. © EAJ ERANDIO

Maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan alkatetza errepikatzeko EAJ-ren hautagaia da Aitziber Oliban egungo Erandioko udalburua. HIRUKAn eskualdeko alkateakaz galdeketa-erronda egiten ari gara eta oraingoan, besteak beste, Olibani bere lehen agintaldia nola bizi izan duen galdetu diogu.

Zelan baloratzen duzu lau urteotako legegintzaldian egindako ibilbidea?

Balorazio orokorra positiboa da, nahiz eta oraindik zenbait gauza gehiago egitea aurreikusten genuen, batez ere, hirigintza kontuei dagokionean, izan ere, lan guztiak amaitzeko astia falta izan zaigu. Hala ere, dena oso bideratuta dago, eta, horrez gain, agintaldi honetan pertsonei zerbitzuak emateko egin dugu lan. COVID-19aren garaia ere izan genuen hor erdian eta apustu garrantzitsua egin genuen gizarte ongizateari dagokionez, bai zerbitzuetan bai herri dinamismoa bultzatzen zuten eskaintza edo proiektuetan ere. Horrez gainera, agintaldi honetan Herri Hezitzailea proiektuaren hasieran ere egon gara murgilduta, eta, horretarako, Erandion nahiko bideratuta dagoen herri-kohesioa bultzatzea izan da agintaldiko helburuetako bat, hala nola gizarte-ekintzari dagokionean eta kultur, kirol- eta hezkuntza-arloetan ere.

Zailtasunez eta gorabeherez betetako legegintzaldia izan da azken hau, hala nola COVID-19 pandemia eta krisi ekonomikoa; zelan egin dizkiezue aurre?

Lehenik eta behin, 2020an, dena itxi behar izan zenean, udal askok zituzten kontratuak itxi zituzten eta lana ziurtatzeko horiek moldatzen hasi ziren. Guk ere hori egin genuen hasiera batean, eta, etxean itxita geunden bitartean, saiatu ginen pertsonekin kontaktua mantentzen eta nagusiak telefonoz deitu genituen zelan zeuden jakiteko eta behar izanik zuten galdetzeko. Halaber, ikusi genuen etxean egotea sedentarismoaren areagotu zezakeela, beraz, kiroldegitik abonatuak diren pertsonekin kontaktuan jarri ginen eta etxean ere aktibitate fisikoa egiteko ekintzak martxan jarri ziren. Egia esan, badirudi duela hamar urte gertatu zela hori guztia, baina bi urte besterik ez dira pasatu. Gogoratzen naiz maskarak lortzeko nola ibili ginen, ez baitzeuden inon eta etxeetara bidaltzen aritu ginen; oso momentu zailak izan zirela oroitzen dut. Udaltzaingoak eta Gizarte Babesak ere izugarrizko lana egin zuten, baita etxez etxeko laguntzaileak ere, momenturik larrienetan ere beraien zerbitzua mantendu zutelako. Gogoratu behar dugu baita guk udal-egoitza daukagula eta zorionez han ez zen materialik falta izan.

Kalera irtetean, beldurra nagusi zen jendearen artean, eta guk hor ikusi genuen gure gizarte-sarea sendotzea behar beharrezkoa zela, eta horretarako Aktibatu proiektua martxan jarri genuen. Hori esker, alde batetik, aholkularitza psikologikoa, eta, bestetik, karpak eta kalean ekintzak bideratu ahal izateko aukerak abiatu genituen. Hor proiektu ezberdinak egon ziren eta diru askoz ere gehiago jarri genuen larrialdi-laguntzerako, besteak beste. Egia esan neurri pilo bat izan ziren herri-dinamismoa mantentzeko eta udalerriko ahulenei laguntza eman ahal izateko.

Gobernu-taldeak aurrera eramandako proiektu guztien artean, zeintzuk nabarmenduko zenituzke?

Proiektu handienak kudeaketari dagokienak izan dira, hau da, lurren erabileraren inguruan aukerak baliatzea. Lutxanaren kasuan adibidez, Pinturas Internacionales lantegia zaharraren lursaila jabe berri bati pasatu zaio eta deskontaminazio-prozesua prestatzen dabiltza eta horrek auzoarentzako eraldaketa handi bat suposatuko du. Beste aldetik, Cables y Alambres Industriales CAESA lantegia egoera oso traketsean egon zen pandemiaren aurretik eta konkurtso-administrazioarekin eztabaida asko zian ditugu eta langileekin ere askotan elkartu gara euren beharrak ezagutzeko, baina azkenean, akordio bat sinatu dugu solairu horretarako. Horri esker, lurzorua deskutsatu ondoren etxebizitzak, plaza handi bat eta aparkalekuak egin ahal izango ditugu, eta hor ere kudeaketa-lan garrantzitsua egon da.

Bukatuta daudenen artean Koslerreko etxebizitzak aipatuko nituzke, hor lehen zegoen fabrika guztiz desagertuta dagoelako. Horren eredu modura, Ategorri inguruan pabiloia ere kendu dugu eta inguruaren berreskuratzea bidean dago hor ere etxebizitzak eta plazatxo bat egiteko hainbat aparkalekurekin. Azpimarratu nahiko nituzke baita laster hasiko diren itsasadarreko bidegorria eta Barakaldorekin lotzeko zubia, orain arte lan asko suposatu dituen kudeaketa burutu ahal izan dugulako. 

Baten bat bidean egiteke gelditu zaizue?

Bai, adibidez, Meso kaleko lanak egiteko kontratua luzatu egin behar izan dugu, lurra zabaldu genuenean saneamenduaz gain, ur-horniketa ere aldatu behar dela ere ikusi genuelako. Horrek lanak luzatu behar izatea eragin du. Horiek amaitzean, jaiak ospatu ostean, Josu Murueta plaza egokitzeko lanak hasiko ditugu. 

Zelakoa da gaur egungo egoera Udalbatzan?

Bakoitzak bere papera jokatzen du. Gure osoko bilkurak zuzenean zein gerora osorik ikusteko aukera dago, eta ikus daitekeenez bilkurek nahiko kutsu propagandistikoa dute; Udalbatza eszenatoki bat da, baina eta pertsonen arteko harremana ona da; agian ez gara oporretan elkarrekin joango, baina nire ustez Erandion bada errespetuaren eta elkarrizketaren eredu bat. Beraz, esango nuke giroa normala dela, lasaia, eta bakoitzak bere ikuspegia plazaratzen du eta gaiak bozkatzen direnean gehiengoak erabakitzen du. 

Udalean egindako bide honetan, zein izan da zure erronkarik nagusiena politikari dagokionez?

Esango nuke asko izan direla, baina gogoratzen ditudanen artean, Abaroko enpresak eragindako etxe batzuen hustutzea dago. Aurreko agintaldietan ere landu den kontua izan da da, baina agintaldi honetan etorri da hitzarmen horren lehen zatiaren itxiera, eta horrek Aldundiarekin eta abokatuekin oso harreman estua suposatu du. Hala ere, esan behar dut, zorionez, lehen parte hori amaitu egin dela eta etxea utzi behar izan zuten horietariko gehienek badituztela beren etxe berrietako giltzak. Horrekin batera pandemiaren kudeaketa izan dira agintaldiko parterik zailenak.

Zelan uztartu dituzu agintari eta herritar gisako paperak zure bizitza pertsonalean?

Nire ustez normaltasun eta zentzu osoz egiten da. Udal batean alkate edo zinegotzi izateko herria bizi eta zapaldu egin behar da; egunero bezala, alabarekin igerilekura edo parkera eta erosketak egitera joaten naiz, gero kaletik jendeak lotzen nau komentarioak egiteko. Beti errespetu handiz eta gehiegi luzatu gabe egiten dute, eta nik uste dut jendeak oro har errespetu handiz jokatzen duela eta badakiela ezberdintzen, eta horrek naturaltasuna ere ematen dio karguari.

Zailtasunik izan duzu emakume bezala politikan aritzeko? Zeintzuk?

Nik ez dut ezer berezirik nabaritu emakumea naizelako, baina ez dakit nolakoa den gizona izanda kargu hori edukitzea, beraz, bakarrik daukat nire esperientzia. Esango nuke ezetz, oro har jendeak errespetuz tratatu nauela eta gehiago ikusten dela kargua emakumea edo gizona izatea baino. 

Zeintzuk aurreikuspen dituzu hurrengo legegintzaldiari begira?

Agintaldi honetan hainbat oinarri ezarri ditugu, batez ere, udalerriaren eraberritzearen, enpleguaren eta ekonomiaren sustapena eta Herri Hezitzailea edo Erandiorako kohesio-proiektua. Horretarako, besteak beste, enpresa-foroa sortu dugu eta horretatik hiru lan-mahai eratorri dira bost enpresa ezberdinekin, eta harremana oso estua da beraiekin. Lan-ildo horri ekiten jarraituko diogu, batez ere, jakinda Eusko Jaurlaritzak Ezkerraldean eta Mehatzaldean Erandiori eragiten dioten egitasmo sakonei esker enpresa eta lanpostu asko sortzeko aukera oso onak daudelako.

Herri Hezitzaileari dagokionez, hainbat bilera egin ditugu herriko ikastetxeetako umeen gurasoekin, izan ere, gure umeen heziketan eragina dute udalerriko hainbat faktorek, ez ikastetxeek bakarrik. Gure ekimenak errespetua, elkarbizitza eta euskal kultura bezalako balioetan janzten du gure herria eta gu saiatzen gara egiten ditugun ekintza guztiak ikuspegi horretatik eramaten. Baita eraikinen eraldaketa fisikoak ere, adibidez Merkatu Zaharraren eraikina herri-dinamismoa eta -kohesioa sortzera dago bideratuta, besteak beste, musika ikasteko gelekin edo eraikinaren egiturarekin berarekin. Horrez gain beste hainbat proiektu garatzen ditugu ikuspegi horrekin, jendeak herrian babes-sarea izan dezan, euren bizitzetan sortzen diren erronka eta aukerei aurre egiteko gaitasuna izateko eta etorkizun oparoagoa izateko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun