Atzo, astelehena, hasi zituzten Astrabudua eta Leioa artean dagoen hezegunea egokitzeko eta berroneratzeko lanak. Hainbat urtetako utzikeriaren ondorioz sortu diren zabortegi eta ortuek eta landare inbaditzaileen hedatzeak gune naturala asko narriatu dute, bertako espezie babestuen biziraupena arriskuan jarriz, hala nola txilinporta txikia, apoarmatu legenarduna edo arrain arantzaduna.
Erandioko Udalak, Europar Batasunak finantzatutako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren finantzaketa eta Bizkaiko Foru Aldundiaren enplegu-plana baliatu ditu esku-hartzea egin eta hezegunearen egoera hobetu eta azalera hedatzeko. Horretarako, gizarteratzeko eta laneratzeko arazoak dituzten 16 gazte lanean arituko dira egunotan bertako zabortegietako hondakinak garbitzen, landare inbaditzaileak ezabatzen eta ortu ilegalak kentzen.
Horregaz batera, Uraren Euskal Agentziako teknikari batek inguru horren balioa eta garrantzia azaldu eta hezegunea berroneratzeko egin beharreko jarduerak azaldu dizkie.
Aurreko urtean, Erandioko Udalak lehen pauso bat eman zuen hezegunea berreskuratzeko, gunea balioa jartzen zuen informazio-panel bat jarriz. Auzo-elkarteek eta ekologistek norabide egokian zihoan pauso bat zea aitortu zuten, baina berdegunea babestu eta berroneratzeko askoz gehiago egin behar zela azpimarratu zuten. Besteak beste, Erandioko Auzokideok taldeko kideek azpimarratu zutenez, "hezegunea estrategikoa da erandioztarren bizi-kalitaterako, gune berde bat suposatzen duelako hainbeste porlanen artean".