Erakundeen ekintza eza Gasolinoa desagertzera kondenatzen ari dela salatu du Erandioko Auzokideok

Ander Zarraga 2023ko urr. 11a, 13:53

Itsasadarra ez dragatzeak ere kalte egiten dio Gasolinoaren zerbitzuari. © ERANDIOKO AUZOKIDEOK

Aurreko martxoan, Eusko Legebiltzarrak Erandioko Gasolinoarentzat bideragarritasun-plana onartu zuen, hala ere, Erandioko Auzokideok taldeak deitoratu du alderdi politikoek osoko zuzenketa bat ezarri ziotela enpresari, ezer egin baino lehen bideragarritasun-plan bat aurkeztu zezan, "baina enpresarentzat hori ezinezkoa da ezintasun ekonomikoagatik".

Boteros de la Ria enpresak hainbat hilabete daramatza adierazten daborduko ez dela ekonomikoki bideragarria eta edozein momentutan itxi beharko duela. Egoera horren aurrean, EH Bildu, EAJ eta PSE-EE alderdiek bideragarritasun-plan bat aurkeztu zuten aurreko martxoan, baina enpresari jarri zizkioten baldintzak enpresarentzat onartezinak direla salatu du Erandioko Auzokideok plataformak. 

"Interesik ezak eta utzikeriak Boteros de la Ria epaitzen ari dira. Itsasadarraren, Bilbo Handiaren eta Bizkaiaren ondare historiko eta kulturalaren zatia, hainbeste argazki eta hitz on prentsan atera ondoren, galdu egingo dugu", adierazi dute plataformako kideek.

Horregaz batera, plataformako kideek  ohartarazi dute Garraio Bonuak Gasolinoaren egoera are gehiagomokertu duela, garraio publiko hori ez baita programa horretan sartzen. Horren eraginez, Gasolinoak bidaiarien murrizketa handia izan du azken hilabeteotan.

Era berean, herritar talde horrek adierazi du enpresak diru-laguntzak eskatu dizkiola Erandioko Udalari irteeren kontratazioak egiteko, baina deitoratu dute Udalak guztira 2.400 euroko balioa duten eta oraindik kobratzeke dauden lau irteera bakarrik kontratatu dituela. 

Erandioko Auzokideek salatu dute erakunde publikoak ez direla ari behar bezala, egoera kritikoaren berri duten arren. "Bai Erandioko Udalean baita Eusko Jaurlaritzan ere oposizioko alderdiek ekimen politikoak aurkeztu dituzten arren horrek ez du erakunde publikoen jarduera bultzatu. Erakundeen borondate ezak denontzako gaitza dakar, Gasolinoa galtzen badugu denok galtzen dugulako", gaitzetsi dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun