Erandio eta Barakaldo arteko All Iron zubia eraikitzeko lanei hasiera ofiziala eman diete

Ander Zarraga 2023ko urr. 25a, 09:10

Oinezkoen eta bizikletentzako zubia eraikitzeko 25,4 milioi euroko inbertsioa egingo dute eta lanen epea 30 hilabeteko izango da. Atzo, Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusia zubi berriaren lehen harria jartzeko ekitaldian izan zen, Amaia del Campo eta Aitziber Oliban Barakaldoko eta Erandioko alkateakaz eta Imanol Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuagaz batera.

Atzoko aurkezpenean, politikariek adierazi zuten All Iron zubia ingeniaritzaren etorkizuneko ikonoa izatera iritsiko dela uste dutela; azpimarratu zutenez, gorazarre egingo dio Bizkaiko herenzia industrial aberatsari, eta aurrerapausoa izango da bizi-estilo osasungarri eta jasangarria sustatzeko. 

Bizkaiko Foru Aldundiko iturriek azaldu dutenez, Erandio eta Barakaldo lotuko dituen pasabideak, itsasadarraren bi ertzen artean oinezko eta txirrindularientzako bide berri bat eskaintzeaz gainera, berrikuntzaren eta jasangarritasunaren ikono berri bat ere izango da. Diseinu abangoardista duen zubia egiteko, 25.415.218 euroko inbertsioa aurreikusi dute, eta eraikitzeko epea 30 hilabetekoa izango dela dela aurreratu dute.

Xehetasun teknikoak

All Iron Zubia SBP, CALTER eta FULCRUM ingeniaritzen eta Mike Schlaich egitura-diseinatzaile ezagunaren arteko lankidetza-proiektu bat dela azaldu dute Aldundiko iturriek. Zehaztu dutenez, pasabideak 460 metroko luzera izango du, eta paisaian modu naturalean integratzeko diseinu kurbatua izango du, baita oinezkoentzako eta txirrindularientzako trantsizio leuna ere.

Pasabidearen zabalera erabilgarria sei metrokoa izango da; hiru metro oinezkoentzat izango dira, eta beste 3, txirrindularientzat. Bi zerrendak bereizita egongo dira. Zubiak hiri-altzariak ere izango ditu, baita argiztapena ere.

Zubiari eutsiz, harkaitz-ohean ainguratutako 12 ostiko egongo dira, bi zati finkotan eta bi mugikorretan banatuta. Egiturak aukera emango du itsasadarrean nabigazio etengabea izateko, ontzi gehienak zubia itxita dagoela igaro ahal izango baitira. Ontzi handiagoetarako, astean bitan irekitzea aurreikusten da, ibai-trafikoaren beharren arabera.

Eraikuntzarako hautatutako materialek -hainbat motako altzairua eta hormigoi armatua-, eskakizun mekanikoak kontuan hartzeaz gainera, berrikuntza eta jasangarritasunarekiko konpromisoa ere islatzen dute. Gainera, hobekuntza esanguratsuak egin dira zubiaren zimenduetan eta pilareetan, eta indartu egin dira, hainbat esfortzuri eusteko.

Industria-herentzia omenaldia

All Iron zubia Bizkaiko eraldaketa handien ikonoa izango da, eta haren izenak gorazarre egiten dio lurraldearen industria-historiaren funtsezko zati bati. Izan ere, All Iron ingelesezko adierazpen ezaguna erabiltzen zen Enkarterriko mendietan metal preziatuaren zain berrien agerpena ospatzeko. Esamoldeak kirol- eta kultura-konnotazio nabarmenak ditu gaur Athletic Club taldearen garaipenagaz duen loturagatik.

Proiektu hau Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak finantzatu du, baita Europak ere, EGEF funtsen bidez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun