Taldeko kideek beste behin ohartarazi dute Asuako lantegiko teilatutik hondakin arriskutsuen isurketa atmosferiko "deskontrolatuak" egiten dituztela egunero, "nahiz eta beren Ingurumen Baimen Bateratuak horiek ezabatzeko eskatzen dien". Gauzak horrela, plataformako kideek adierazi dute bi urteko salaketari dagokionez, "egoera larri horren aurrean", salaketaren hedapena eskatuko dutela eta azkenaldiko gertakari larrien inguruko frogak aurkeztuko dituztela.
Diotenez, beraien azken helburua da Asuako Befesa Aluminio lantegiaren partikula toxikoak kanpora ateratzea saihestea, jarduera arriskutsua isolatuz eta osasunerako kaltegarriak diren substantziak manipulatzeko dinamikak eta protokoloak aldatzea.
Horretarako, igorritako mezuan dei egin diete administrazio publikoei eta alderdi politikoei, "emisio kutsatzaile mota horiek ezabatzeko enpresaren ingurumen-baimena berrikustera behartzea". Era berean Erandio eta inguruko eragile, kolektibo eta elkarteei ere salaketa horregaz bat egiteko eskatu diete, edo hori egin ezean, beraiena aurkez dezaten.
"Duela gutxi, Erandioko biktimen 54. urteurrena izan da. Bala frankistek hildako bizilagunak, aire osasungarria izateko eskubidea eskatzeagatik. 54 urte geroago, familia askok leihoak itxi behar izaten dituzte, arropa gorde, irtetea saihestu... Espero dugu salaketa honek, gutxienez, Asuaran industrialdeko salaketak Befesa Zinc salatuta lortu zuen gauza bera lortzeko balioko duela", esanez bukatu dute adierazpena.