Nolako egoeran dago gaur egun taldea?
NEREA BERGES: Egia esan, taldearen egoera ez da guri gehien gustatuko litzaigukeena. Urteak egon dira Lutxanak arraunlari kopuru garrantzitsua izan duela, baina COVID-19tik beherakada garrantzitsua izan dugu eta gaur gaurkoz arraunlariak behar ditugu. Orokorrean, arrauna ez dago bere momenturik onenean. Gure inguruan Deustu eta Kaiku ditugu, biztanle asko dituzten udalerrietako klub oso garrantzitsuak dira, eta Erandion eta Lutxanan betidanik ohitura egon den arren, gaur egun ez dugu hainbeste babesik, eta tradizio hori lausotzen doa pixkanaka. Gainera, Lutxana arraunaren mailarik altuenetan ez dagoenez ikusgarritasun hori galdu dugu, batez ere, gizonezkoen traineruetan, emakumeena duela gutxira arte izan dugulako. Hala ere, gizonekoena da gehien ikusten dena, bai babesleen aldetik, baita komunikabideen aldetik ere. Zaletasuna galtzen joan da eta herrian bizi guztiko zaleak bakarrik geratzen zaizkigu.
Horrez gain, orain gazteek kirola praktikatzeko hainbat aukera dituzte; lehen, futbolerako balio ez zuena arraunera etortzen zen, baina orain hainbat aukera dituzte gurera etortzea baino erosoagoak izan daitezkeenak. Gu herrigunetik urrun gaude eta agian horrek ere baldintzatzen gaitu. Azken finean, arrauna ez da beste kirolen modukoa: adibidez, saskibaloian entrenatzen duzu eta etxera zoaz, hemen ez, denbora gehiago egon behar da eta konpromisoa eskatzen du.
"Orain gazteek kirola praktikatzeko hainbat aukera dituzte; lehen, futbolerako balio ez zuena arraunera etortzen zen, baina orain hainbat aukera dituzte gurera etortzea baino erosoagoak izan daitezkeenak"
Zein kategoriatan lehiatzen zarete?
GARAZI MALLABIABARRENA: Kimuak, haurrak, kadeteak, jubenilak eta seniorrak diren arraunlariak ditugu, arraunean dauden kategoria guztiak, hain zuzen. Trainerua atera dugu Gabonetan arraunlariei hori delako gustatzen zaiena, baina lehiatzeko ez dugu mutilen talderik eta nesken kasuan jaitsieraren bat egiteko bakarrik, baina ez gaude lehiatzeko moduan. Bateletan eta banku mugikorrean aritzen gara lehiatzen, nesken zein mutilen kategorietan.
N.B.: Kontua da neguan bateletako denboraldian seniorrak eduki arren, traineruen denboraldia hasten denean hemen ezingo direla arraunean aritu, beraz, beste talde batzuetara doaz lagata. Guk ezin diegu ate hori itxi, arraunak ematen duen onena delako, baina arriskua dago egindako ahalegina eta irakatsitakoa eta gero ez bueltatzea.
Elkartean hainbat ekintza ere antolatzen dituzue, tartean, Martxoaren Zortziak, zer da egun horretan egiten duzuena?
N.B.: Egun horrek helburu bikoitza du: batetik, azaroaren 25aren inguruan egiten denez Emakumeen Aurkako Indarkeriagaz Bukatzeko Nazioarteko Egunagaz bat egiten dugu, eta, bestetik, taldea eta emakume kirolariak ikustarazteko eguna ere bada.
G.M.: Duela bost urte hasi ginen egiten eta azken estropadetan eguraldiak ez digu lagundu, beraz, hainbatetan atzeratu behar izan dugu. Hala ere, aurreko azarokoa oso ondo atera zitzaigun: eguraldiak lagundu zigun eta zortzi klub eta hainbat batel eta arraunlari mordoak parte hartu zuen, beraz, erabateko arrakasta izan zen. Erandioko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak babesten dute ekitaldia eta beraiek ere ordezkariak bidali zituzten.
Horrez gain, Erandioko Bandera ere antolatzen jarraitzen duzue?
N.B.: Bai, trainerurik ez dugunez ezin dugu parte hartu, baina antolatzen jarraitzen dugu. Erandio traineruen egutegian egoten jarraitzea da gure helburua eta emakumeen estropada antolatzen dugu urtero; gainera, azken urteotan mutilen playoff ere antolatu dugu kategoriaz igoko diren taldeak ere hemen erabaki daitezen.
G.M.: Lehen, mutilen taldea geneukanean, mutilen bandera ere antolatzen zen, baina gizonezkoen taldea desagertu zenean elkarteak emakumeen alde egin zuen gehiago eta nesken trainerua ateratzen saiatu ziren, Lutxanak beti egin baitu emakume arraunlarien aldeko apustua. Bi urtez egon ginen parte hartzen eta ordutik ETE ligan sartuta dago Erandioko Bandera.
Erakundeetatik laguntzarik jasotzen duzue?
G.M.: Bai, Aldundiak Martxoaren Zortziak antolatzeko dirua ematen digu eta Udalak Erandioko bandera antolatzen laguntzen digu, baina oso justu ibiltzen gara beti, azken finean, horrelako estropada batek diru eta lan asko suposatzen du; gure kabuz ezin izango genuke egin. Horrez gain, arrauneko materialak oso garestiak dira eta eguneroko gastu asko ere ditugu, horregatik inguruko babesleak ere bilatzen gabiltza beti. Halaber, arraunlariei txikitatik materiala zaindu eta garbitu behar dela erakusten diegu, horregatik beti diot diziplina asko erakusten dien kirola dela arrauna.
N.B.: Horrez gain, Udalak antolatzen dituen ekitaldietan ere parte hartzen saiatzen gara, bai ikusgarritasuna lortzeko, baita herrian ere parte-hartzea sustatzeko ere; besteak beste, urtero egiten den Osasun Jaian edo Kirol Astean egoten gara eta Udaleko Berdintasun kontseiluan gauden kirol-talde bakarrenetakoa gara, ez dakit non dauden gainontzeko kirol-taldeak.
"Arraunak konpromiso handia ere eskatzen du, ez da beste kirol batzuetan bezala ordezkoak ere egon daitezela edo indibidualagoak direla"
Diziplinaz gain, zer gehiago ematen die arraunak gazteei?
G.M.: Arraunak konpromiso handia ere eskatzen du, ez da beste kirol batzuetan bezala ordezkoak ere egon daitezela edo indibidualagoak direla, hemen taldean entrenatzen da beti eta bat ez baldin badator besteei kalte egiten die, beraz talde-lana oso garrantzitsua da.
N.B.: Lehen uste dut konpromiso gehiago zegoela, orain gehiago kostatzen da jarraikortasun hori aurkitzea. 20 urteko gazte batentzat oso gogorra da uda osoan arraunean aritzea. Ni arraunean aritzen nintzenean hori bizi genuen, jaietan gauerdian etxera joaten ginen denok, orain, hori oso zaila da. Hala ere, zentzu horretan Lutxana erosoagoa izan daiteke, Batelen denboraldia neguan izaten delako eta udan bukatzen dugulako.
Arraunlariak erakartzeko hainbat ekintza ere egin dituzue, emaitzarik lortu duzue?
N.B.: Bai, Erandion, Jado eta Ategorri ikastetxeetatik etorri dira arrauna probatzera eta Bilboko San Inazio auzoko Madre de Dios ikastetxekoak ere hemen izan dira, eta urtarrilean ere ikastetxe gehiagotako ikasleak ekartzeko asmoa dugu. Jadon adibidez, sei neska-mutil apuntatzea lortu dugu;hala ere, horrelako ekintzek guretzako lan handia suposatzen dute, guk boluntario moduan egiten baititugu ekintza horiek. Horrez gain, udan campusa ere egiten jarraitzen dugu, baina horietan ere nekez ateratzen dugu dirua begirale bezala datozenei ordaintzeko, baina behintzat taldea eta arrauna ezagutzera ematen diegu.
Zer eskatzen diozue etorkizunari?
N.B.: Emakumezkoen edo gizonezkoen sei senior etortzea izugarria izango litzateke traineru bat osatzeko. Seniorrak 18 urtetik gorakoak dira, baina kategoria guztietako jendea da ongietorria eta beharrezkoa eskola oinarritik osatu behar dugulako. Horrek ikusgarritasuna ere emango liguke eta babesle gehiago ere eskuratuko genituzke, Espainiako banku-mugikorreko txapelketan edo batelen lehiaketetan aritzea ondo egon arren, traineruetan aritzea da benetako ospea ematen dizuna.
G.M.: Traineru bat osatzeko hobeagoa da oinarrizko kategorietatik hastea, kanpoko jendea etortzea baino. Biak behar ditugu, baina taldea osatzeko hobeagoa da oinarrietatik hastea, liga batzuetan ere harrobiko arraunlarien kopuru jakin bat betetzera ere behartzen zaituztelako. Horrez gain, herrian eta inguruan arraunarekiko zaletasuna ez dadila galdu gura dugu, jendea ikustera eta probatzera etorri dadin.