Aurreko astean, auzoko sarbideakaz egin zuten bezala, sortu berri den Astrabuduako Auzo Elkarteak adierazi du auzunean TAO ezarri aurretik, Udalak bestelako hautabideak aztertu beharko lituzketela. "Ez gaude TAO ezartzearen aurka, baina uste dugu ez litzatekeela lehenengo neurria izan beharko", azaldu du Marco Antonio Duran auzo-elkarteko kideak.
Auzotarrek argudiatu duenez, auzoan, aparkalekuak baino askoz kotxe gehiago daude, 800 inguru, hain zuzen. Hori egiaztatzeko 2020an Deia komunikabideak argitaratutako datuetan oinarritu dira; horren arabera, Astrabuduan 4.920 auto daude erroldatuta, 2.739 garaje-partzela eta 1.347 aparkaleku.
Gauzak horrela, eta kontutan izanda Astrabudua ez dela jende askorentzako jomuga, "ez baitugu ospitalerik, ogasunik edo bulego handirik", auzokideek bestelako proposamen bideragarriagoak egingo dizkiote Udalari. Izan ere, Duranek jakinarazi duenez, sistema ezartzeak 300.000 euro inguru suposatuko dizkio Udalari eta egoiliarrek ere txartela izateagatik ordaindu beharko dute.
Horren aurrean, besteak beste, proposatu dute metro-geltoki ondoko aparkalekua ordainpekoa izatea, edo anbulatorio ondoko aparkalekuan ere txandakatzeko sistema bat ezartzea.
Duranek azpimarratu du beraiek kontziente direla Lutxana edo Enekuri bezalako auzoetan arazoa oso bestelakoa dela, hau da, kanpotik joaten den jendeak ibilgailua uzten duela bertan garraio publikoa hartzeko. Kasu horietan irtenbidea TAO izan daitekeen arren, Astrabuduako arazoa ezberdina dela deritzo berak.