Gure! jaialdiak Tartangako produkzioko ikasleak kasu erreal batean jartzeko helburuagaz jaio zen?
Bai, hori da. Hezkuntza modu errealista batean egiten saiatzen naiz, ikasleek klaseetan merkatuan aurkituko dutenarekin praktikatu dezaten. Beraz, praktikoa eta erreala zen proiektu bat osatu nahi izan genuen, ez geratzea ikastetxeko pareten artean, baizik eta herrira ateratzea eta herritarrentzako zerbait egitea, ikasleak errealitatea horrekin kontaktuan jartzeko, hain zuzen.
Proiektu hau iaz egin zenuten lehen aldiz. Nola sortu zen ideia?
Esan daiteke hau hezkuntzaren gaineko ikuspegi bat dela. Aurreko ikasturtean Tartangatik Ekoizpen zikloko lehenengo promozioa atera zen, irudi eta soinuko heziketak duela urte asko sortu ziren, baina Produkzioko ziklo zehatz hori duela hiru edo lau urte sortu zen. Hasieran, irakasleontzat eman beharreko edukiak berriak ziren, eta lehenengo eta bigarren kurtsoak prestatzerakoan ikasleekin hitz egin genuen eta kurtsoko lehen egunetan planteatu genien saiatuko ginela jaialdi bat sortzen. Askotan, horrelako proiektuak ez dira aurrera irteten edo hasieran planteatutakoaren ezberdina izaten da emaitza; hala ere, bide horretan garrantzitsuena da ikasleek ikastea, beraz, gure planteamendua izan zen hori egiten saiatuko ginela eta ikasleak ere horrekin ikasiko zirela. Kontua da Udalarekin kontaktuan jarri ginenean ideiak harrera oso ona izan zuela eta planteatu genuen guztia onartu zutela eta jaialdiaren prozesuan ere sartu zirela.
Ideiagaz hasi zinetenean horrelako jaialdi handia egitea aurreikusi zenuten?
Gure helburua bai zen diziplina anitzeko jaialdi handi bat sortzea. Bagenekien agian ez zela posible izango, eta zerbait txikiagoa egin beharko genuela. Hala ere, azkenean ondo atera zen: ikasleek oso ekoizpen-lan ona egin zuten eta jaialdia aurrera ateratzea lortu genuen. Merezimendua beraiena da, nik prozesuan gidatu ditut, baina lana beraiek egin dute.
Udalaren laguntza berebizikoa izan dela ere aipatu duzu.
Bai, azkenean, gu hezkuntza zentro bat gara, baina horrelako proiektu bat aurrera eramateko eragile baten parte-hartzea behar genuen, publikoa zein pribatua. Gu zentro publiko bat garenez, lehendabizi Udalarengana jo genuen, pentsatzen genuelako bidaia honetan bidelagun onena izango zela, eta beraientzako ere oso interesgarria ere izan zitekeela. Azkenean, beraiek ere murgildu ziren proiektuan eta eman diguten laguntza gabe ezinezkoa izango litzateke horrelako proiektu bat aurrera eramatea.
"Urtez urte datozen ikasleek ere grina edo nahi ezberdina dituzte, eta horiek ere programazioan txertatzen doaz. Hala ere, oso berritasun txikiak dira, jaialdiaren eredua mantentzea da gure helburua"
Berritasunik egongo da aurtengo jaialdian?
Kontzeptua mantentzen saiatu gara, nahiz eta berritasun batzuk egongo diren. Aurreko urtean, balorazioa egin genuenean, zera pentsatu genuen: "Oso ondo atera da, baina orain garrantzitsuena da eredua finkatzea eta jaialdia den modukoa mantentzea, nahiz eta berritasun txikiak egin". Adibidez, aurreko urtean Street gunean saskibaloi, mahai-tenis eta bestelako lehiaketa batzuk egin ziren, baina aurten boxeo eta graffiti erakustaldiak planteatu ditugu. Urtez urte datozen ikasleek ere grina edo nahi ezberdina dituzte, eta horiek ere programazioan txertatzen doaz. Hala ere, oso berritasun txikiak dira, jaialdiaren eredua mantentzea da gure helburua.
Nabaritu duzue horrelako jaialdi entzutetsu bat antolatzeak ikasle berri gehiago erakarri dituela ziklo horretara?
Jakin dut iazko jaialdian egondako batzuk apuntatu direla aurten. Hala ere, Ikus-entzun eta Ikuskizunetarako Produkzioko Ekoizpena izena duen zikloa ez da bakarrik ikuskizunetan lan egiteko, azken finean, gure zikloek beti dituzte hiru zutabe: ikuskizunak, komunikabideak eta zinea; beraz, beti daude profil ezberdinetako ikasleak. Hala ere, esango nuke bai interesa piztu dugula ikasle batzuengan.