Suarezek iragarri du eguneroko bidaiak eteteagaz batera, bisita gidatuak eta gainontzeko zerbitzuak ere utziko dituztela. "Sei urte daramatzagu gure egoera larria azaltzen, laguntza eskean eta askotariko alternatibak bilatzen, baina ez da nahikoa izan; azken puntilla garraio publikoaren bonua izan da, horren eraginez erabiltzaile asko galdu baititugu", azaldu du patroiak, eta gaineratu du zorrak pilatzen joan zaizkiela eta irtenbide baten faltan, negozioagaz jarraitzea ez dela bideragarria.
"Gasolinoaren desagertzeagaz Erandiok, Barakaldok, Bilboko itsasadarrak eta Bizkaiak bere ondarearen ikurretako bat galtzen dute", nabarmendu dute Erandioko Auzokideok elkartekoek, eta gaitzetsi dute hori erakundeen "erabateko axolagabekeria eta utzikeriaren ondorioz" gertatu dela. Diotenez, "erakundeek zerbitzu historiko hori desagertzea espero eta desio zuten", Bilbo eta Getxo arteko itsasadarreko pasealekuarentzat "lekua libre uzteko", eta horretara "diru-laguntza mamitsuak eta interes guztia" bideratzen zituzten bitartean.
Elkartea urteak daramatza zerbitzuaren egoera kritikoa salatzen eta sare sozialetan gogoratu dutenez, "Erandioko Auzokideok, gure ondarearen defentsaren aldeko elkarte gisa, 2020an sortu ginen, zerbitzuaren bigarren mendeurrenean hori mantentzeko eta babesteko helburuagaz". Halaber, gogoratu dute zeregin horretan hainbat jarduera egin dituzte, hala nola Rock&Ria jaialdia edo Gasolinoa defendatzeko aldarriak Bilbora eraman. "Batzuek negar egingo dugu haren desagerpenagatik, aldiz, erakunde arduradunek beren alderdi politikoen gidaritzapean ez", adierazi dute.