Erandioko uholdeek kaltetutakoek neurriak eskatu dituzte berriro gertatu ez dadin

Ander Zarraga 2024ko mar. 20a, 17:01

Aurreko martxoaren 11ko goizalean, itsasadarreko urek Obieta kalea hartu zuteneko irudia. © DIEGO ETXEBARRIA

Herritarrak koordinakunde batean batu dira, eta Aldundia salatzeko asmoa iragarri dute, beraien ustez oinezkoentzako zubia eraikitzeko lanen ondorioz egin zuelako itsasadarrak gainezka. Udalaren jarrera ere kritikatu dute, ez zuelako Segurtasun Sailaren ohartarazpena behar bezala kudeatu.

Martxoaren 11n itsasadarrak gainezka egin zuen Altzagan, auzoko hainbat kaletako komertzio, garaje eta ostalaritza-establezimendutan kalteak eraginez. Bizilagunek, dendariek eta ostalariek koordinakunde bat osatu dute, eta nabarmendu dute 1983ko uholdeetatik, Altzagako hiriguneak bizi izan dituen uholderik larrienak izan direla. Halaber, salatu dute horiek Erandio eta Barakaldo lotzeko All Iron oinezkoentzako zubiaren lanen eraginez izan direla, moilako defentsak kendu omen dituztelako. 

Jakinarazi dutenez, koordinakundeko kideak  Erandioko alkateagaz bildu dira, baina deitoratu dute ez dutela konpromiso edo konponbiderik lortu. "Kexarik gabeko konpromisoak eta konponbideak gura ditugu, etengabeko arriskuaren aurrean segurtasunik eta babesik eza dagoelako eta hemen inork ez dituelako erantzukizunak bere gain hartzen", adierazi dute sare sozialen bitartez. 

Puede ser una imagen de una persona y el puente de Queensboro
Altzagako moilaren egoera gaur-gaurkoz, All Iron zubia eraikitzeko lanen eraginez. © ERANDIOKO AUZOKIDEOK

Kritikatu egin dute Foru Aldundiko Azpiegitura eta Lurralde Garapen Sailak All Iron zubiaren eraikuntzari ingurumen-ebaluaziorik ez egiteko eta Erandion dauden arrisku-baldintzatzaileei ez erantzuteko hartutako erabakia "arduragabea eta, ziurrenik, irregularra" izan dela.

Gauzak horrela, exijitu dute berehalako neurriak hartzea eta inguru horretako segurtasuna leheneratzeko. Gainera, iragarri dute baloratzen ari direla neurri legalak hartzea, "erantzukizunak argitzeko". Zentzu horretan, Erandioko Udalaren eta Aldundiaren portaera salagarria izan daitekeela azpimarratu dute, honako argudio hauek baliatuz: batetik, "itsasadarreko uholdeen aurkako defentsak kendu dituztelako lanengatik", eta, bestetik, "Euskal Autonomia Erkidegoko Segurtasun Sailak martxoaren 8an, uholde larria gertatu baino bi egun lehenago, emandako muturreko alertak ez kudeatzeagatik".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun