Martxoko marea biziek kaltetutakoek osatutako koordinakundearen berbetan, Erandioko Udalak eta Aldundiak "zuhurtziagabekeriaz eta arduragabekeriaz jokatu dute", ez baitituzte beraien ohartarazpenak kontuan hartu. Gauzak horrela, erabaki dute mareen jarraipena euren kabuz egitea, eta behar izatekotan, badaezpadako babes neurriak hartuko dituztela; zeregin horretarako, Amillena Meteorologiako Euskal Elkarte Kulturaleko profesionalen laguntza izango dutela ere azaldu dute.
Ohartarazi dutenez, 4,88 eta 4,98 metro arteko altuera izango duten hurrengo marea biziak apirilaren 8an, 05:05ean; 9an 05:46ean eta 10ean 06:48an izango dira, hurrengo astelehenean, martitzenean eta eguaztenean, hurrenez hurren. Argitu dutenez, benetako arriskua egongo litzateke marea bizi horiek baldintza klimatiko txarrakaz bat egingo balute, "aurreko uholdeetan bezala". Hala ere, herritarrei egoera horren berri ematea beharrezkotzat jo dute, "neurriak gomendatzeko eta bakoitzak egoki iritzitako neurriak hartzeko".
Sare sozialetan zabaldu duten oharrean koordinakundeko kideek Erandioko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzako Larrialdi Zerbitzuaren aurka ere jo dute, uholdeak ekiditeko eskatu dizkieten "premiazko neurriek" ez dutelako erantzunik izan. Zehaztu dutenez, Udalak hurrengo irailerako ezarri du hurrengo arrisku-egoera, hala ere, bizilagunek beren kezka azaldu dute, eta nabarmendu dute 30 zentimetroko horma bat egitea nahikoa izango litzatekeela itsasadarreko urek Altzagako kaleak berriro har ez ditzaten.
1.000 euroko kalte-ordaina
Erandioko Udalaren martxoko osoko bilkuran gobernu-taldeak martxoaren 11n uholdeek kaltetutako herritarrentzako diru-laguntzak onartu zituen. Bizilagunek eta dendariek bi hilabeteko epea dute 1.000 euroko kalte-ordainak eskatzeko, beraien lokaletan, ibilgailuetan eta bestelako ondasunetan izandako "kalteak arintzeko".
Horren aurrean, kaltetutakoek deitoratu neurria "bidegabekoa" dela eta ez duela balioko kaltetutakoen galerak pairatzeko. Exijitu dute laguntza horiek "proportzionatuak eta bidezkoak" izatea, ibilgailu bat galdu duen pertsona batentzako 1.000 euro ez baitira nahikoa. Halaber, eskatu dute Aldundiak ere laguntza horietan parte har dezan, ezbeharrean izan duen "erantzukizun zuzenagatik".