Eguaztenean, hainbat erakunde publikotako ordezkariak batu ziren Erandioko moilan, marea bizien eraginez, itsasadarrak gainezka zergatik egin zuen aztertzeko, eta irtenbide posibleak bilatzeko, berriro ere gertatu ez dadin. Udaleko iturriek jakinarazi dutenez, politikari eta teknikariakaz batera, hainbat erakundetako ordezkariak izan ziren bilera horretan: URA, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasunerako sailburuordetza, Bizkaiko Foru Aldundiko Larrialdi Zerbitzua eta Suhiltzaileak, Eusko Jaurlaritzako Larrialdi eta Meteorologia Zerbitzua (Euskalmet), Ertzaintza, Udaltzaingoa eta Ur Partzuergoa.
Uholdeek kaltetutako koordinakundeko kideek diotenez, itsasadarrak gainezka egin zuen All Iron zubiaren obrek moilaren defentsa ezabatu dutelako. Uholdeak gertatu zirenean, Udalak hori gezurtatu egin zuen eta "zirkunstantzia naturalen ondorio" izan zela arrazoitu zuen. "Litekeena da hainbat faktoreren ondorio izatea, hala nola marea biziak eta itsasadarrera ematen duten errekak beteta etortzea aurreko egunetako euriengatik", zehaztu zuten udal-iturriek.
Era beran, uholdeak gertatu eta gutxira, Erandioko Udalak antolatu zuen Krisi Mahaiak erabaki zuen 60.000 euroko diru-laguntzak bideratuko zituela uholdeek kaltetutakoei laguntzeko. Laguntza horiek beraien lokaletan, negozioetan edo garajeetan kalteak pairatu zituzten Altzagako bizilagunentzako izango dira, "aseguruek estaltzen ez dituzten kalteak konpentsatzeko".
Koordinakundearen eskaerak
Bere aldetik, uholdeen eraginez kaltetuak izan ziren bizilagunak koordinakunde batean batu dira, eta martitzenean Aitziber Oliban Erandioko alkateagaz izan zuten bilera "etsigarria" izan zela deitoratu dute. "Kexarik gabeko konpromisoak eta konponbideak gura ditugu", adierazi zuten sare sozialetatik eta gaur, barikua, gaia jorratzeko beste bilera bat izan dutela jakinarazi dute, baina oraindik ez dute horren emaitza jakinarazi.
Alkateari eraman dioten dokumentuan hainbat lan-ildo bideratu dizkiote, hala nola onartzeke dagoen laguntzen dekretuan parte hartzea, Udalak eta Aldundiak beraien ardura onartzea –"bai Txurrukako kaiko obren eragin zuzenagatik, baita arrisku-abisuak ez kudeatzeagatik ere"–, berriro uholdeak gertatu ez daitezen neurri zehatzak hartzea eta Segurtasun sailaren eta Udalaren arteko larrialdi-protokoloa egingarriak diren aldaketa ere ezagutu gura dituzte. Horrez gain, uholdeak ekiditeko URAk egingo dituen aurreikuspenak ere ezagutzeko aukera eskatu dute, eta Altzaga eta Erandio uholde-arrisku txikiko eremu izatetik arrisku handiko eremu izatera igarotzea eskatu diote.
Era beran, Erandioko beste gune batzuek dute uholde-arriskua kontutan hartzeko ere eskatu dute, hala nola Astrabuduko hezeguneko zenbait etxebizitza, eta bereziki, Asua, "non arriskua benetakoa eta kezkagarria den, arrisku maximoaren katalogazioagatik".