Martxoaren 11ko uholdeek kaltetutako merkatari, ostalari eta bizilagunek osatutako koordinakundeak deitoratu du ez Erandioko Udalak ezta Aldundiak ere ez dituztela uholdeak ekiditeko neurririk hartu. Berretsi dutenez, All Iron zubiaren lanen ondorioz egin du itsasadarrak gainezka, moila kentzeagaz batera herria babesten zuen hesia ezabatu dutelako. Bihar goizaldean, apirilaren 10ean, ere ia bost metroko marea biziak izango dira, eta aurreko astean iragarri zutenez, baliteke Altzagan itsasadarrak gainezka egitea beste behin.
"Uholde larria gertatu eta aste batzuetara, ez Udalak ezta Aldundiak ere ez dute benetako defentsa-neurririk hartu, eta, adierazi dugunez, uholde larriren bat berriro gerta badaiteke, errepikatu egingo da", adierazi dute koordinakundeko kideek.
Horrez gain, jakinarazi dute martxoaren 11ko uholdeengatik kaltetuak izan ziren bizilagunek ez dutela informaziorik jaso eta hainbat erakunde publikotako ordezkariak batu zituen "makrobilera" horretatik ere ez dela inongo txostenik, larrialdi-planik ezta ekintzarik planteatu. "Erandion herritarrok gure administrazio arduradunek salduta jarraitzen dugu", adieraziz bukatu dute oharra.