Iaz, Astrabuduko jaietako kuadrillen txapelketa irabazi zenuten, nola gogoratzen duzue?
Betidanik amestu dugun momentua izan zen, pozez eta ilusioz beterikoa. Kuadrilla gisa 10 urte bete eta gero, San Lorentzo jaietako irabazleak izatea lortu genuen, eta ohore handia izan zen guretzat. Harrotasun puntu batekin ere hartu genuen baita ere, gure auzo maitearen parte garelako.
Nola lortu zenuten irabaztea?
Batez ere, kuadrillaren elkarlana izan zen gure garaipenaren arrazoi nagusia. Era berean, gure esperientzia eta iraunkortasunak asko lagundu zigun ere.
Aurten pregoia irakurriko duzue, zer esango duzue?
Hori sorpresa da, baina espero dugu jaietako historian zehar gogoratuko den pregoia izatea. Etor zaitezte abuztuaren 7an Astrabuduara eta ikusiko duzue. Gainera, diskurtsoaz gain, beste gauzatxo batzuk ere prestatu ditugu.
Zer da Astrabuduko jaiak gehien bereizten dituena?
Jendearen elkartasuna eta auzoaz harro sentitzea.
Zerbait aldatu gura zenukete?
Orain arte, izan dugun giro hurbila mantendu nahi dugu eta, horretarako, Astrabuduko gazteen eta nagusien laguntza behar dugu. Horregatik, gustatuko litzaiguke herriko kuadrilla berriak jaietako olinpiadetan parte hartzen ikustea.
Zein da aurtengo jaietarako zuen asmoa?
Pasa den urtean lortu genuena errepikatzea, baina irabazteko nahi horren presioa alde batera utzita. Garrantzitsuena izango da jaiez gozatzea eta jendearekin bost egun polit igarotzea.