All Iron pasabidea eraikitzeko aurrerapenak: lehen zimendu-fasea 2025ean amaituko da

Ander Zarraga 2024ko urr. 10a, 14:37

Hilabeteotan, itsasadarrean lanean aritu dira zubiaren zimenduan kokatzen. © BFA

All Iron pasabide mugikorraren eraikuntzak aurrera jarraitzen duela adierazi du Bizkaiko Foru Aldundiak. Lehen zimendu-fasea 2025aren hasieran amaituko dutela iragarri dute, eta 2026rako aurreikusitako obra osoa. Azpiegitura horrek itsasadarraren ertz biak lotuko ditu, oinezkoentzat eta txirrindularientzat.

Erandioko eta Barakaldoko herriak lotuko dituen All Iron pasabide mugikorraren obrek aurreikusitakoaren arabera jarraitzen dute. Lehen zimendu-fasea 2023ko ekainean hasi zen, eta 2025eko hasieran amaitzea aurreikusi dute, zubiaren metalezko egiturari eutsiko dioten oinarriak ezarriz. Oinezkoek eta bizikletek erabiltzeko sei metroko zabaleragaz diseinatutako pasabide hori 2026an amaitzea aurreikusi du Aldundiak, inguruko eremuak urbanizatu ondoren.

Lehen fase honetan, 30 eta 35 metro bitarteko luzera duten piloteak instalatzen ari dira itsasadarraren ohean, teknologia espezializatua erabiliz, hala nola garabiak dituzten ontziak eta bulkada-ponpak. Lan horiek amaitu ondoren, pilak eta egituraren taula jarriko dituzte.

Ezaugarri teknikoak

400 metro baino gehiagoko luzera duen proiektua SBP, Calter, Fulcrun eta Mike Schlaich diseinatzaile ezagunek sortu dute. Aurreratu dutenez, pasabidea modu naturalean integratuko da paisaian, eta hiri-altzariz eta argiztapenez hornituta egongo da. Tarte mugikor bi izango ditu diseinuak, eta itsasontzi handiagoak itsasadarretik igaro ahal izateko irekiko dute. Astean bitan irekiko dira, ibai-trafikoaren beharren arabera.

25 milioi eurotik gorako inbertsioagaz, pasabideak Erandio eta Barakaldo arteko lotura erraztuko die oinezkoei eta txirrindulariei, eta, horrez gain, berrikuntzaren eta jasangarritasunaren ikur bihurtu gura dute.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun