Martxoaren 11ko goizaldean, itsasadarrak gainezka egin eta Altzagako hainbat kale hartu zituenean, Saioa Pedruezak bi ibilgailu galdu eta San Inazio kaleko bere bi lokaletan ura sartu zitzaion, belaunetara arte. Bera da uholde horien kaltetutakoen koordinakundeko bozeramaileetako bat, eta ez du Bizkaiko Foru Aldundiarekiko duen haserrea ezkutatzen: "Aldundiak onartu beharko luke martxoaren 11ko uholdeak All Iron zubiaren lanen eraginez izan zirela, moilaren babesa ezabatu dutelako eta horrek ura kaleetan inoiz ez bezala sartzea eragin zuelako. 2006tik daramat bizitzen San Inazio kalean, bizitza osoa Erandion, eta inoiz ez da halakorik gertatu; Obieta eta Jado kalean bai gertatzen dira antzekoak, baina ez hain larriak eta inoiz ez San Inazio kalean".
Berak eta kaltetutako beste erandioztar batzuek Aldundiari leporatu diote gezurretan aritzea, "beraien zabarkeria eta aurreikuspen falta" ez onartzeko. "Beraiek esaten duten moduan izan balitz, ekaitz perfektu bat egon bazen, eta Aemet tartean dagoela kontuan izanda, inork ezin izan zuen gertatukoa aurreikusi?", gaitzetsi du kaltetutakoak.
Pedrazak azpimarratu du beraiek bi gauza bakarrik eskatzen dituztela. Batetik, berriz ez gertatzeko prebentzio neurriak hartzea eta horiek zeintzuk izango diren azaltzea, abuztuan eta irailean berriz ere marea biziak izango direlako. "Hala ere, neurriak hartzen badituzte txarto egin dutela onartzea suposatuko luke, eta kaltetuak izan garen guztioi ordaindu beharko ligukete", ondorioztatu du. Bestetik, eskatzen dute aseguru-etxeek dagokiena ordaintzea, oraindino askok ez dutelako kobratu. "Martxoaren 11n galdu genuena bakarrik berreskuratu nahi dugu, besterik ez, baina Aseguru Partzuergoa sartu denez, orain askoz gutxiago jasoko dugu".
Txosten kontrajarriak
Batetik, Amillena Meteorologiako Euskal Elkarte Kulturaleko profesionalek kaltetutakoen bertsioa berretsi dute, eta argitaratu berri duten txostenean adierazi dute All Iron zubiko lanak "erabakigarriak eta behar-beharrezkoak" izan direla itsasadarrak gainezka egiteko eta uholde larriak eragiteko. "Arriskuak prebenitzeko eta kudeatzeko arduragabekeriak egin zuen gainontzekoa", gaineratu dute.
Bestetik, Saitek ingeniaritzak Aldundiarentzat egindako txostenak kontrakoa adierazten du, eta azaltzen du uholdeak berdin-berdin geratuko liratekeela lanakaz edo lanik gabe: "Martxoaren 11ko gertakariaren handitasun izugarriak, berez, San Inazio kalean eragin zitzakeen ondorio horiek, nahiz eta pasabide berria eraikitzeko obren aurreko egoerak bere horretan iraun". Hala ere, txosten horretan adierazten da otsailaren 10etik 12ra erregistratutako serie historikoko marea bizienak izan zirela, baina uholdeek ez zioten San Inazio kaleari eragin. "Kasu bien arteko alde bakarra moilaren erretiratzea eta kaiaren 10 zentimetro murriztea da, Aldundiak onartu duenez", ohartarazi dute kaltetutakoek.
Zentzu horretan, Erandioko Udaleko arkitektoak ere txosten bat egin zuen kaltetutakoen bertsioa baieztatzen duena. Izan ere, martxoaren 11n ur gehien jaso zuen kaleen artean dago San Inazio kalea, obretara zuzenean ematen duena, hain zuen. "Normalean, kale honetara oso ur gutxi heltzen da, baina moila gure parean kendu dutenez ura bete-betean sartu zen", azaldu du Pedrazak. Bere ustez ez da "ingeniaria izan behar" ohartzeko uholdeak zubiko obren ondorioz gertatu zirela.
Horrez gain, kaltetutakoen koordinakundeak sare sozialetan partekatutako argitalpen eta bideoetan adierazi du itsasadarrak gainezka egin baino egun bat lehenago, martxoaren 10ean, "aparteko marearik eta ekaitz perfekturik gabe", itsasadarrak ere gainezka egin zuela puntu berean.
Eztabaida Batzar Nagusietara
Maiatzaren 22an, EAJ eta PSE-EEko bozeramaileek berretsi zuten uholdeak ez zirela All Iron zubia eraikitzeko lanen ondorioz gertatu. Julen Karrion jeltzaleak azpimarratu zuen aurkeztutako txostenek ziurtatu dutela uholdeak marea bizi "historikoengatik, presio atmosferiko txikiarengatik eta prezipitazio handiengatik" gertatu zirela. Era berean, gogoratu zuen proiektua egiterakoan egin zuten azterketa hidraulikoak eta URAren nahitaezko baimenak ondorioztatu zutela zubia eraikitzeak ez duela eraginik Erandioko uholde-arriskuan. "Zubiaren eta bidegorriaren lanek ez dute zerikusirik izan uholdeakaz", nabarmendu du Karrionek.
Horren aurrean, oposizioko alderdiek eskatu dute proiektua aldatzeko, etorkizunean uholdeak saihesteko. Aitzitik, Aldundiak adierazi du horregaz aurrera jarraituko duela, txostenek baztertu egin dutelako lanek eraginik izan zutenik, eta horrek Sektore Publikoko Kontratuen Legea haustea ekar lezakeelako.
Era berean, EH Bilduko Idoia Buruagak adierazi du Aldundiak laguntza eman beharko liekeela kaltetutakoei, uholdeek eragin handia izan zutelako, baina duela bi astera arte kalte-ordainen % 14,5 baino ez zelako ordaindu. Era berean, dei egin dio foru erakundeari egiten ari dena baino gehiago egitera, "bere burua zuritzera eta erantzukizunak kanpora ateratzera" mugatu baita.