Astrabuduan etxegabetutako emakumearen pisua partikular bati saldu diote enkantean

Ander Zarraga 2024ko aza. 14a, 11:40

Atzo, Astrabuduan izandako etxegabetzean, ertzaintza kaleratzearen aurka ari zirenen aurka oldartu eta bi pertsona atxilotu zituzten.

Erandioko Udalak adierazi du hiru aldiz geldiarazi duela 70 urteko emakumea kaleratzeko agindua, eta gaineratu du astelehenetik zeukala Udalaren etxebizitza bat eskura. Bere aldetik, Etxebizitza Sindikatuak salatu du Udalak sei hilabeterako konponbidea besterik ez diola eman, eta horri esker gauzatu ahal izan dutela kaleratzea "alternatiba birtual bat baitzuen". Momentuz, prozesu judizialak irekita jarraitzen du, baina Udalak jakinarazi duenez, "atzo arte herritar horren bizilekua zen etxebizitza enkantera atera eta partikular bati saldu diote".

Atzo, azaroak 12, 70 urteko emakume baten eta haren bilobaren etxegabetzea gauzatu zuten Astrabuduko Aldaieta Bidea 7 atarian. Kaleratze hori bete dute kaltetutakoak duela sei urte Tu mejor prestamo mailegu-enpresari 7.000 euro eskatu zizkiolako, baina hori lortzeko bere etxebizitza bermean jartzea eskatu zioten. Etxebizitza Sindikatutik salatu dute emakumeak 40 urte baino gehiagoz bere etxebizitza izan dena hipotekatu behar izan zuela "abusuzko baldintzakaz", eta, zorrari ezin aurre egin ostean, 60.000 eurotik gora itzuli behar izatera iritsi dela.

Emakume etxegabetuak 700 euro inguruko alarguntza-pentsioa jasotzen du eta % 69ko desgaitasuna du. Hori dela eta, azken bi urteetan, hainbat aldiz aplikatu diote moratoria, baina aldiz, zaurgarritasunari buruzko azken txostena kontrakoa izan da, eta horrek etxegabetzea ahalbide du.

Erandioko Udalaren azalpenak

Erandioko Udalak azaldu duenez, gutxienez hiru aldiz geldiarazi du epaile batek eman duen kaleratzeko agindua, eta ekainean erabaki zuten kaltetuari udal-etxebizitza bat eskaintzea. Aitzitik, Etxebizitza Sindikatuak gezurtatu egin du etxebizitza bat modu egonkorrean laga diotenik eta adierazi dute etxegabetzea gertatu baino egun bat lehenago soilik jakinarazi ziotela sei hilabeterako alokairua izateko aukera zuela. Azaldu dutenez, horrek eragin omen du kaleratzea, "alternatiba baten aukera birtualaren aurrean, moratoria aplikatzeari utziko lioketelako".

Hori gutxi balitz, Udalak jakinarazi du enpresak daborduko etxebizitza enkantean partikular bat saldu diola, eta alokairu-erregimenean erabili ahalko du. Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzari eskatu dio etxebizitza bat zuzenean esleitzeko herritar horrentzat.

Horregaz batera, Udalak prentsari jakinarazi dio emakumeari etxegabetutako etxebizitza alokairuzkoa zela, baina sindikatuak informazio hori gezurtatu egin du, eta etxebizitzaren jabetza beti berea izan dela azpimarratu du: "Nola, bestela jarriko zuen etxebizitza hori abal gisa, etxegabetzea eragin duen mailegua eskatzeko?"

"Egoera onartezina"

Bere aldetik, Erandioko EH Bilduk arbuiatu egin du Astrabuduko bizilagunaren etxegabetzea eta "premiazko neurriak" eskatu ditu "finantza-gehiegikeriekin amaitzeko". Alderdi politikoaren arabera, kaltetua abusuzko praktika baten biktima izan zen, mailegu azkarren enpresen artean ohikoa dena, eta erabat gaitzetsi ditu "kalteberatasun ekonomikoaz baliatzen diren erakundeen abusuzko praktika horiek".

Halaber, EHBilduk ohartarazi du, etxegabetze horiek jasaten dituzten gehienak emakumeak direla, eta, desberdintasun ekonomikoaren ondorioz, ahulagoak direla beren prekarietateaz baliatzen diren mailegu-emaileen aurrean. "Onartezina da 2024an pertsona askok bere etxea galtzea baldintza engainagarriak eskaintzen dituzten mailegu-emaileen erruz. Mailegu azkar horiek, konponbidea eskaini beharrean, zorrak larriagotzen dituzte eta milaka familia oraingoan bezalako muturreko egoeretara eramaten dituzte", adierazi dute koalizioko kideek.

Azkenik, etxegabetzean poliziak izandako jokabidea ere salatu dute; izan ere, etxeko ataria blokeatzen ari ziren manifestarietako bi atxilotu zituzten eta hainbat zauritu. EH Bilduren komunikatuaren arabera, "indarkeria ez da inoiz erantzuna izan behar etxebizitza-eskubidearen alde eta bidegabekerien aurka borrokatzen direnentzat".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun