Erandion ingurumen-arriskuen aurrean jarduteko protokolo bat sortzea eskatu dute

Ander Zarraga 2024ko aza. 21a, 09:44

Ur-sareko hodiaren hausturak uholde txiki bat eragin du Erandiogoikoan. © AUZOKOA HERRIKOI ELKARTEA

Herriko bi elkartek, Auzoka Herrikoi Elkarteak eta Herri Bideak Kate Barik elkarteak, berriro eskatu diote Erandioko Udalari osasun publikoa eta ingurumena arriskuan jar ditzaketen industria- edo natura-gertakarien aurrean jarduteko protokolo bat egiteko.

Eskaera hori edateko uraren uhertasun-arazoen eraginez egin dute, arazo horiek hainbat herritan izan baitzuten eragina, Erandion barne, eta agerian utzi zuten neurri argiak eta antolatuak behar zirela, herritarrei segurtasuna eta informazioa bermatzeko.

Elkarte biek azpimarratu dute oso garrantzitsua dela azkar jardutea, etorkizunean antzeko krisiak saihesteko eta larrialdien aurrean erantzun azkarra eta egokia bermatzeko. "Gure segurtasuna ezin da inprobisazioaren mende egon", amaitu dute.

Komunikatuan, elkarteek nabarmendu dute protokolo hori sortzeko eskaera formala egina zutela 2024ko abuztuaren 27an. Hala ere, ziurtatu dute orain arte ez dela horri buruzko ekintza zehatzik ezarri.

Eskatutako ekintzen artean, elkarteek honako hauek azpimarratu dituzte: herritarrei informazio argia eta egokia bermatzea larrialdi-kasuetan, gizakien osasunean eta tokiko ekosistemetan ahalik eta eragin txikiena izateko prebentzio-neurriak ezartzea eta gorabehera horiek konpontzen parte hartzen duten administrazioak eta zerbitzuak eraginkortasunez koordinatzea. Hodi nagusi baten hausturak edateko uraren horniduran eragin dituen azken konplikazioek agerian utzi dute arazo horiek pertsonengan ez ezik ingurumenean ere izan dezaketen eragina, landareei eta animaliei eragiten baitiete.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun