Uribe Kostako lehen sektorea

Pablo Grijelmo: "Berezitasun bakarra da guk ongarriak landareari zuzenean ematen dizkiogula"

Ander Zarraga 2024ko aza. 27a, 11:37

Grijelmok tomateak herritarrei zuzenean edo Mercabilbaon saltzen ditu.

Erandioko Goierri auzoan hainbat nekazaritza-esplotazio daude, tartean, Pablo Grijelmoren tomate hidroponikoen negutegia. Ekoizpen mota horrek dituen berezitasunak ezagutzera hurbildu gara.

Uribe Kostan asko dira laborantza hidroponikora dedikatzen diren nekazariak, eta horien artean daude Pablo Grijelmo eta bere bazkidea. 20 urte inguru daramatzate tomateak ekoizten sistema horren bitartez, eta diotenez, lehen, nekazaritzatik bizitzea "errazagoa" zen: "Salmenta-prezioak mantendu egin diren bitartean, gastuak asko igo baitira". Iraganean, "tomatea saltzen bazenekien eta suerte apur bategaz", horretatik bizi zitekeela dio laborariak; "orain, dena da zailagoa".

Erandioko Goierri auzoan daukate negutegia, eta inguruko nekazari guztiak beraien antzeko egoera berean daudela diote; izan ere, nekazaritzarako eta abeltzaintzarako ezin hobea den lur horietan gero eta ortu eta abere gutxiago geratzen dira.

Zientzia bat. Laborantza hidroponikoan landareek behar dituzten 16 elementuak –potasioa, sodioa, nitrogenoa...– zuzenean eta beharrezko neurrian ematen dizkiete, hau da, "landareak behar duena besterik ez du jasotzen". Grijelmok produkzioa nahiko automatizatuta daukatela dio, beraiek ureztatze sistemagaz elikatzen dituzte tomateak, eta horrela kontrolatzen dute ura ere behar bezala egotea. Dioenez, produkzio-mota horrek bere berezitasunak ditu, "landarearen elikadura gauza kimikoa da, baina gaixotasunen, intsektuen izurriteen eta onddoen inguruan ere asko jakin behar dugu".

Prozesua zientzia kontua iruditu arren, nahiko naturala dela azaldu du berak, eta landareen gaitzak kontrolatzeko ahalik eta kimiko gutxien erabiltzen saiatzen dira. Horretarako, adibidez, onuragarriak diren animaliak baliatzen dituzte askotan, hala nola marigorringoen larbak. "Negutegian askatzen ditugu eta horien kolonia bat garatzea oso eraginkorra izaten da, intsektizidak erabiltzea ekiditen duelako". Bere hitzetan, hori onuragarriagoa da kontsumitzaileentzat, baina baita beraientzat ere: "Gu zuzenean gaude kontaktuan landareakaz eta kimikoakaz, eta prozesua bera ere politagoa da".

Ekologikoaren azpitik. Beraien ekoizpena produkzio ekologikoaren azpitik sailkatuta dagoela azpimarratu du laborariak, "baina berezitasun bakarra da guk ongarri mineralak landareari zuzenean ematen dizkiogula, lurrean landatu beharrean". Ongarri horien inguruan adierazi du nekazaritza ez dela inoiz orain bezain kontrolatuta egon; hala ere, hainbat erronka dituztela azpimarratu du, hala nola erakundeek ekologikoaren alde egiten duten apustua edo azken urteotan atzerritik etorritakoTuta absoluta bezalako intsektuen izurriteak.

Salmentari dagokionez, berak handizkako eta txikizkako salmenta egiten du, eta etekin gehien azken horretatik ateratzen du, "prezio hoberenak eskuratzeko aukera dudalako". Horretarako, berak inguruko udalerrietan zuzenean saltzen die WhatsApp bidez eskariak egiten dizkioten herritarrei. "Normalean, bezero nahiko fidelak dira, eta lan handirik egin gabe mugimendua izaten dugu".

Erlazionatuak

Eskualdea ereiten

Iker Rincon Moreno aza 08 Uribe Kosta

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun