Gaur egun, lehen sektoreak erronka handiei egin behar die aurre orokorrean, eta are gehiago gurean, non nekazaritza-lurretarako sarbidea gero eta mugatuagoa den, elikagai-ekoizpenaren ordez eraikuntzarako bideratu baitira asko eta asko. Horren eragina ez da landa-eremuan bakarrik ikusten, baita gure mahaietan ere: tokiko nekazaritzarako lur egokirik ez izateak ekoizpen jasangarri eta hurbiletik urrundu eta beste eremu batzuetako elikagaien mende jartzera behartzen gaitu, gure elikadura-subiranotasunean eragin zuzena izanik, eta sistemen gorabeheren morroi bilakatuz.
Hala eta guztiz ere, zailtasunak zailtasun, badago oraindino merkatu liberala den Goliatari aurre egiteko prest dauden hamaika David txiki, lurra lantzeko beharraz jabetuta herrikideen osasunagaz eta ongizate kolektiboagaz konprometituta dauden gizon-emakumeak. Tokiko ekimen txikiak, kontsumo ekologikoa eta hurbiltasuna sustatzen dutenak, laguntza mugatuak eta baliabideen faltak dituztenak. Baina, gure arbasoen antzera, betiere aurrera egiteko prest.
Eskuartean duzun monografiko honetan, lehen sektorearen hainbat ekintzaile topatuko dituzu, Uribe Kostakoak denak; nekazariak, arrantzaleak, erlezainak, abeltzainak… Baina baita sektore horri lotutako hainbat aditu eta esperientzia ere, hala nola landa-eremua nagusi zen garai bateko hainbat protagonista ere. Jaso ezazue haiek landatutako uzta.
Irakur ezazu aldizkari monografikoa, hemen.