Poliziak 22 pertsona identifikatu ditu arma zuriakaz, Sonora diskotekaren kanpoaldean egindako prebentzio-kontrol batean

Ander Zarraga 2024ko abe. 16a, 10:49

Segurtasun Sailak iragarri du hurrengo hilabeteetan polizia-kontrol gehiago egingo dituztela Sonora diskotekaren inguruan. © ERTZAINTZA

Ertzaintzak eta Erandioko Udaltzaingoak, beste unitate batzuen laguntzagaz, Astrabuduko diskotekaren inguruan dispositibo bat ezarri dute aste-akabu honetan ere. Gizalegearen aurkako portaerak eta delituak eragozteko operatiboak 47 zehapen utzi ditu bide publikoan alkohola kontsumitzeagatik, eta positibo bi alkoholemia-kontroletan.

Bariku gauean eta zapatu goizaldean, Astrabuduko Sonora diskotekaren inguruetan polizia-dispositibo bateratu bat antolatu zuten aste-akabuetan zonalde horretan izaten diren gizalegearen eta delituaren aurkako jokabideak murrizteko xedeagaz. Erandioko ertzain-etxeak eta Udaltzaingoak gidatutako operazioak Brigada Mugikorreko unitateen, Bizkaiko Trafikoko Lurralde Unitatearen, segurtasun-txakur baten eta Getxo eta Leioako agenteen babesa izan zuela azaldu du Segurtasun Sailak.

Zehaztu dutenez, operatiboaren helburu nagusia izan zen bizilagunek hautemandako segurtasun-gabeziaren sentsazioa murriztea, arma zuriak antzematea, borrokak eta alkohola edo drogak kalean kontsumitzea bezalako portaerak saihestea. Egoiliarrentzako jokabide gogaikarriak ere jorratu zituztela azaldu dute, hala nola zaratak, kalean txiza egitea eta zaborra pilatzea.

Gainera, esku-hartze horren esparruan, agintariek 22 pertsona identifikatu zituzten arma zuriakaz lotutako kontroletan, eta 47 zehapen-proposamen egin zituzten kale-zurruta egiteagatik. Halaber, dantzalekuaren kanpoaldean egindako trafiko-kontroletan, 15 ibilgailu ere aztertu zituzten, eta positibo bi izan ziren alkohol-kontsumoagatik.

Neurri horiek plan zabalago baten parte direla azaldu dute poliziako iturriek; izan ere, egitasmo horrek polizia- eta administrazio-ekintzak konbinatzen dituela zehaztu dute, inguru horretako delinkuentzia mugatzeko eta arau-hausleen artean zigorgabetasun-pertzepzioa murrizteko. Operatiboaren helburua, gainera, gaueko jarduerak eragindako Erandioko bizilagunen lasaitasuna eta ongizatea indartzea ere izan da.

Agintariek nabarmendu dutenez, dispositibo horiek modu erregularrean mantenduko dituzte zonaldeko segurtasuna bermatzeko, sei aste-akabutik hirutan antzeko esku-hartzeak egiteko asmoagaz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun